Piano eta ganbara musika kontzertua, ostiralean, Oiartzunen
Urtero bezala, piano eta ganbara musika kontzertua antolatu du Ibargain Musika Eskolak. Aurtengoa ostiralean izango da —hilaren 15ean—, 19:30ean, udaletxeko areto nagusian.
Eskolako 30 ikaslek parte hartuko dute emanaldian: zortzi urtetik hasi eta 30 urte arteko ikasleak dira. Programari dagokionez, denetarikoa prestatu dute, Ibargaingo zuzendari Juan Pablo Lizartzak zehaztu duenez: “Musika lan batzuk oso motzak (minutu batekoak) eta arinak izango dira, entzuteko errazak, atseginak; eta beste batzuk sakonagoak, luzeagoak, serioagoak. Batzuk hemengoak, Aita Donostirenak alegia, beste batzuk klasikoagoak, Bach, Tchaikowsky edo Fallarenak, eta beste batzuk modernoagoak Wedgwood edo Nortonenak, batzuk aipatzekotan”.
Pianoa lau eskuetara
Ikasle gehienak bakarlari moduan ariko dira, baina lau eskuetara pianoa nola jotzen duten ikusteko aukera ere izango da. Akordeoia, txeloa eta flauta ere entzungo eta ikusiko dituzte musikazaleek.
Kontzertuaren helburu nagusia, musika zabaltzea da, eta Oiartzungo Ibargain eskolan egiten duten lana erakustea eta herritarrei eskaintzea.
Beste helburu bat ere badute, ordea, Ibargaingo kideek: “Urtero Andoainen egiten duten eta, aurten Donostian ere antolatu duten, piano lehiaketetara ongi prestatuak iristea”. Ikasturte honetan, 28 pianojole oiartzuar animatu dira Andoaingo Piano Jaialdian parte hartzera (datorren asteburuan da). Oiartzungo ostiraleko kontzertuan, “azkeneko aukera dute publiko aurrean jotzen ikasteko eta beraien nerbioak eta lotsak kudeatzeko”.