Urolarekin galdu eta gero lehen postuak urrundu zaizkio Hondarribiari
Jardunaldi beltza izan da inauterietakoa futboleko Ohorezko Mailan jokatzen duen Hondarribia taldearentzat. Zumarragan galdu zuen Urolarekin (1-0) eta aurretik zituen taldeak urruntzen ikusi ditu. Laugarren postua dagoeneko bederatzi puntura dute berdeek, eta promozioa jokatzeko aukera duen bigarren tokia hamahirura. Egia da mailaz igotzea ez dela inoiz izan Hondarribiarren helburua, baina egiten ari diren denboraldiaren ondoren, merezitako saria litzateke liga amaitu artean goiko postuetan lehiatzen jarraitzea.
Gainera, atzetik segika zituen hiru taldeetatik bik irabazi dute asteburuan eta haien arnasa kokotean sentitu dezake Hondarribiak. Mikel Llorenteren mutik 31 puntu pilatu dituzte eta 29rekin jarri dira Tolosa, Touring eta Aloña Mendi.
22. jardunaldian etxean jokatuko du Hondarribiak, bosgarren tokian den Beriorekin. Donostiarrek ere galdu dute asteburuan eta heldu den larunbatean hiru puntuak etxean geratzen badira, bi puntura murriztuko da bi taldeen arteko tartea. Horretarako, batez ere defentsa landu beharko dute aste honetan Mikel Llorentek bere jokalariekin, multzoko gol gehien sartu dituen taldea baita Berio, 41 gol 21 partidetan. Hori bai, sartzen dituen bezala, gol asko jasotzen dituzte donostiarrek eta hori ere baliatu dezake Hondarribiak.