SOS Arrazakeriaren eskutik, hilabetean behin, ostegunez, munduko janariak probatzeko aukera izango da Errenteria-Oreretako Gaztelu ostatuan. Munduko bost txokotako lagunek euren herrialdean ohikoa den menua prestatuko dute. Senegal, Maroko, Pakistan, Nepal eta Mexikoko jakiak dastatu ahal izango dira. Aurretik, gau horretan afaria prestatzea egokitzen zaien lagunak ezagutzeko aukera izango da, eta tertulia batean euren herrialdearen berri emango dute. Joateko interesa dutenek tokia hartu egin beharko dute Gaztelun bertan edo hara deituta (943 51 10 84). 50 lagunentzako tokia dagoela jakinarazi dute, eta dagoeneko hasi direla izena ematen.
Haritz Ertzibengoa Gazteluko arduradunak azaldu duenez, SOS Arrazakeriaren Bizilagunak ekimena baliatu zuten ekintza hori aurrera eramateko. Aurretik ere buruan zeukaten munduko janariak emateko aukera, baina Bizilaguneken bidez hainbat etorkin ezagutu zituzten, eta SOS Arrazakeriarekin batera hori martxan jarri zuten. Ertzibengoaren arabera, “gastronomiarekiko jakin-mina” daukate, baina Donostian janari ezberdinak probatzeko aukera gutxi dago.
Gerar Carrere SOS Arrazakeria taldeko kidearen esanetan, ekimen hori baliatu nahi dute bertako eta etorkinak elkar ezagutzeko. “Immigrazioak sortzen dituen estereotipoen aurrean, ekimen ona da elkarguneak sortzea, elkar ezagutzea, eta hesiak puskatzea”. Era berean, immigrazioak ere “gauza onak” ekartzen dituela erakutsi nahi dutela adierazi du.
Egitaraua
- Hilak 21: Senegal (Oulu eta Modou sukaldari). Menua: Entsalada ganbazko kroketekin, haragia arrautzez betea eta mijoa jogurtarekin.
- Martxoak 21: Maroko (Said eta Rachid sukaldari)
- Apirilak 18: Pakistan (Ayaz sukaldari)
- Maiatzak 23: Nepal (Til sukaldari)
- Ekainak 20: Mexiko (Paloma sukaldari)