Goizeko hamaiketan Titanic ontziko bidaiariak Donibaneko Santiago plazan elkartu eta Southamptoneko kairantz abiatu dira musikaz lagundurik. Gero, bidaiariek New Yorkera joateko txartelak erosi dituzte eta ontzira igo dira. Bertan 15:30ak bitarte bazkaldu egingo dute eta gero joko aretoa zein dantza aretoa irekiko dituzte.
16:30ean, poker txapelketa jokatuko dute eta 18:00etan Titanic-en hondoratzea irudikatuko dute. 19:00etan, onik atera diren bidaiariak salbamendu txalupetan herriko plazara eramango dituzte eta ordu erdi geroago itsasoan gelditu direnen omenezko ekitaldia antzeztuko dute.
22:00etan ezohiko gertakaria izango da, Titanic ontzia berriro aterako baita ur azpitik eta hori ospatzeko afaria egingo dute. Goizaldera arte luzatuko dute festa sanjuandarrek, maskarekin eta dantzaldiarekin.