"Maltzurkeriaz" jokatzea leporatu dio Kutxabanki, Kaleratzeak Stop taldeak
http://youtu.be/wZLtl3CgU5E
Errenteria-Oreretako Lorena eta bere familia etxetik kaleratzeko prozedura ebazpenaren zain badago ere, joan den asteazkenean, hilaren 6an babes ofizialeko etxea goiz hartan bertan utzi behar zuela zioen jakinarazpena jaso zuela salatu dute Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeko kideek. Garibai kalean Kutxabankek duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute Lorenari elkartasuna adierazi eta Kutxabanki “Errenteriako familia honekiko jazarpena” eten dezan eskatzeko.
Kaleratzeak Stop taldeko Mikel Apilaniz mintzatu da taldearen izenean, eta Kordobako (Andaluzia, Espainia) Stop Desahucios taldeko kidea zen eta atzo bere buruaz beste egin zuen Fran Lema gogora ekarri du lehenik, eta “babes osoa eta elkartasuna” adierazi die haren senide eta lagunei. “Maltzurkeriaz” jokatzea leporatu dio ondoren Kutxari, “Errenteriako epaitegia estutu baitute Lorena bere babes ofizialeko etxebizitzatik kaleratua izan dadin”. Lorenaren kaleratze prozesua ebazpenaren zain dagoela ekarri du gogora Apelanizek: “Donostiako 4. zenbakiko lehenengo instantziako epaitegiaren ebazpena gauzatzearen aurka errekurtsoa aurkeztu genuen joan den urteko azaroaren 12an, eta Lorenaren kalaratzearen gaineko erabaki judizialaren zain gaude oraindik, beraz”.
Hala ere, etxea berehala utzi behar zuela zioen Errenteriako Bake Epaitegiko jakinarazpena jaso zuen Lorenak joan den asteazkenean, “goiz hartan bertan kaleratzea egiten saiatuko zirela esan zioten. Kutxabankeko prokuradorea, Garcia del Cerro jauna izan da epaitegiari kaleratze prozedurarekin jarraitzeko eskatu diona, helegitearen gaineko ebazpenaren zain gaudela jakin arren” azaldu du kaleratzeen kontrako taldeko kideak.
Manifestazioan parte hartzeko deialdia
Horrenbestez, “Errenteria-Oreretako bizilaguna eta bere familiaren kontrako jazarpenarekin” amaitzeko eskatu diote Kutxabanki gaur goizean egoitza nagusiaren aurrean elkarretaratu diren hamarnaka lagunek, eta EAJ, PP eta PSE-EEri berriz, urratsak emateko galdegin diete: “Beraiek sortzen lagundu zuten higiezinen burbuila horren biktimen aurka doan politika antisozialari 180 graduko bira eman behar diote”.
Hilaren 16an, larunbata, Stop Kaleratzeak taldeak Donostian deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu dituzte, halaber, herritar guztiak, “entitate finantzieroek burutzen dituzten ekintza kriminal hauen kontra mobilizatu eta Espainiako diputatuen kongresuan eztabaidatuko den HELaren alde egin behar dugulako”.

