Mikel Asurmendi: Orio ez da urre jada
Hendaia ezponda —handi— batean dago, bide zenbaitek mugarrituta dago ezponda. Route de la Glacière delakoak, besteak beste. Bertan nengoen honen aurreko testua idatzi nuenean. Hendaia herri berria da, eta toponimia ere halatsu. Erdararen itzulpenak ondoren heldu dira. Hots, frantsesez pentsatua eta jarriak dira, horietako asko. Sinesgarritasun gutxikoak batzuk: Route de la Glacière, glaziarra Hormategiko Bidea izendatu zuten Herriko Etxeko euskal(dun) funtzionarioek. Horren adibide andana dago kale-karrika-bide bazterretan.
Horiek, artetik errateko, euskaldun elebakarrak bestela deitu izan diola iraganean mendi magaleko alde izoztuari. Demagun: Nebera. Urretxu herrian, Irimo magaleko ingurumari bati Nebera deritzote. Huraxe ere izoztegia izaki. Artean errateko, hizkuntza berez ez dela jatorragoa, atzizkiz osatuta dagoelako. Dela tegi-z dela hiztegi-z.
Bidez bide, enperadoreak eta jauntxoak ageri izan zaizkigu bidera, orain arte. Anton Abadia agertu zaigu, eta agertuko ere, adibidez, Étienne Pellot, Montvieux edo Le Renard basque; Pirata ere deitua. Halaxe jardun baitzuen hendaiar itsastarrak. Alta, ez ditugu pirata eta herriko lehen auzapeza —Ixtebe Pellot deitua hau ere— nahastu behar. Bigarren hau lehenaren iloba izan zen. Juanma Sarasola Xaun-ek behinola adierazi zidanez.
Bidenabar, badago ere Hendaia mugarritzen duen beste bide bat: Orioko bidea. Hendaiara ailegatu berria, Loiolako Irratian jardun nuen batean, esatariak hala erran zidan: «Hendaian ere Orio baduzue?». «Baiki». Orio auzoan bizi nintzen orduan.
Bai, badago Orio auzoa. Orioko Kondesa deituak izena emana. Hendaiako goi aldean dago haren etxaldea izan zena, luxuzko etxadia bihurtua. Etxe distiratuak dirudite, baina urre arre kolorekoak dira nire gusturako. Orioko kondesaren arrastorik ez dut inon aurkitu, ordea. Zein enperadoreren magalera etzan ote zen Orioko kondesa?
Xaun lagunak aseko al dit ene jakin nahia?
Bixintxoak izan dira Hendaian eta San Sebastianak bailiran danbor hotsak entzun ditugu aurten ere. Enperadoreak eta haien tropak gogoan ibili dira herritarrak burrunban, karriketan, elurra eta euria eginagatik gogotik ekinez.
Urtarrila joan da, euritsua joan ere. Oro ez da urre, ezta Orioko kondesaren urrea oro ere jadaneko. Mila urte igaro eta ura bere bidean! Aratz batzuetan arre bestetan.
Enperadorearen etorbidean barrena sartu naiz Orioko bidetik, ezpondan beheiti. Telleria eta Biantene etxeak ikuskatu ditut. Biantene zer ote? Bidantenea? Bidaiariaren etxea, naski?