2008an Eusko Legebiltzarrean onartutako Gizarte Zerbitzuen Legeak arautzen duenez, udalek ordaintzen duten zaharren egoitzen defizita —egoiliarrek ordaintzen dutenaren eta kudeaketa gastuen arteko diferentzia— bere esku hartu beharko luke aldundiak, eta, aldiz, aldundiak ordaintzen duen etxeko laguntza udalen esku geratu beharko litzateke. Joan den astean aldundiak proposamen bat egin zien bi eskumen horiek eskuz aldatzeko. Esku aldatzea progresiboki egitea eskaini du aldundiak, 2016ra bitartean.
Irungo Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maite Cruzadoren ustez bi gai horiek ezin dira zaku berean sartu eta aldundiari eskatu dio egoitzen eskumena lehenbailehen hartu dezala. Nolanahi ere, hitz egiten hasi besterik ez dutela egin onartzen du eta, bestela, Irungo egoitzen itxaron zerrendarekin bukatzeko aldundiak leku gehiago kontzertatzeko proposatu diela jakinarazi du. Horrek, aurten edo datorren urtean itxaron zerrenda ia erabat zeron uztea suposatuko luke.
Nola jaso duzue aldundiak zaharren egoitzen eta etxeko laguntza zerbitzuak armonizatzeko proposamena?
Aldundiaren proposamena espero genuen, esan nahi baitut zaharren egoitzen konpetentzia bere gain hartzea espero genuela, alderdi politikoek Batzar Nagusietan eskaera hori egin ziotelako, baita udalek ere. Aurreko urteetatik datorren gaia da, espero genuen eta horrela izan behar zen. Hori bai, nire ustez aurkezpen horretan behar zuen denbora ez zaio eman zaharren egoitzen gaiari, eta egin dena zera izan da, egoitzen gaineko azalpena probestu udalei esateko nola egin beharko duten etxeko laguntza zerbitzua datozen urteetan. Eta hori ez zaigu gehiegi gustatu.
Egia da hasiera besterik ez dela, eta datozen hilabete eta urteetan gehiago hitzegin beharko dugula bakoitzak bere konpetentziak nola hartuko dituen zehazteko, aldundiak egoitzena eta udalek etxeko laguntzarena. Eta horrekin batera beste bilera garrantzitsu batzuk egin beharko dira, aldundiaren eta udalen artean, konpetentzia hauen gainean, EAEko erakundeek abian jarri behar duten gizarte zerbitzuen kartera garatu beharko delako, 2008ko legeak agintzen duen bezala, eta hor garrantzitsuena zehaztu beharko da, hots, konpetentzia horiei aurre egin ahal izateko beharrezkoa den finantziazioa. Hori da garrantzitsuena eta horregatik dago gizarte zerbitzuetako kartera mahai gainean, eztabaidatzeko zain.
Zure ustez, hortaz, batetik egoitzez hitzegin behar da, eta etxeko laguntzaz bestetik, baina biak zaku berean sartu gabe…
Irungo udaletik behin baino gehiagoetan gogorarazi dugu aldundiak ez zuela adinekoen zaintzaren koste erreala bere gain hartzen, defizita alegia, eta hori egiteko eskatu diogu, bere gain hartzeko. Defizit hori herrialdeko hamasei udalerrietako egoitzen defizita da, Gizarte Politikako diputatu Ander Rodrigezek berak 8,1 milioi eurotan zenbatu izan duena, Irunen gutxi gorabehera 500.000 euro urtean.
Eta etxeko laguntzaren kasuan, badirudi esaten zaigula gure konpetentzia dela, aldundiak egoitzena hartuko duela baina udalek gurea hartu behar dugula. Ados, baina hau horrela, ez dudana ulertzen zera da, 2016tik aurrera etxeko laguntza zerbitzua gure gain hartu behar dugula esaten digutela, eta nola egin behar dugun ere esaten digutela. Erakundeen arteko errespetua beharko litzateke, eta gure eskumena izan behar bada, guk geuk erabaki beharko dugu nola antolatu eskumen hori, adundiaren zaintzarik gabe.
Egoitzen defizita bere gain hartzeaz gain, Arbesen egoitza berri bat eraikitzeko eskatu izan diozue aldundiari. Udalak aurreko foru gobernuarekin adostu zuen eraikitzea eta kudeaketa enpresa bati ematea. Baina gobernu berria kudeaketa zuzenaren alde dago eta horren eraikuntzaren haserako kostoa asko handituko luke. Jarraitu al duzuen gaiaz hitzegiten?
Ez dugu gaia baztertzen. Lan egiten eta aldundiarekin hitzegiten jarraitu behar dugu, egoitzetan sartzeko itxaron zerrenda bat dagoen bitartean. Egia da zerrenda hori gutxitu dela, batetik, aldundiak hainbat leku kontzertatu dituelako Betherram egoitza berrian eta horietako batzuk Irungo hiritarrentzat izan direla, eta bestetik, zerrenda txikitu da familia batzuk hartu dituzten erabakiengatik ere, bizi duten egoerarengatik uko egin diotelako.
Gauzak horrela, gure apustuak jarraituko du izaten itxaron zerrenda zero izatea, inor zain ez egotea, eta aldundiak ez du ezetzik esan, are gehiago, onartzen du Arbesko egoitza eraiki behar dela, baina esaten dute horretarako aurrekontua dagoenean egingo dela. Bitartean, kontzertazio leku gehiago eskaintzea proposatu dute, eskualdeko gainontzeko egoitzetan kontzertatuko liratekeenak. Eta hori lehen urrats bat da, uste dugu itxaron zerrendaren zati handi bati erantzungo liokeela eta aldundiaren aldetik erabaki ona iruditzen zaigu, epe motzera begira bada ere.
Hori aurten gauzatzeko modurik balegoke?
Bai, aurten eta datorren urte artean… baietz uste dut. Hori bai, gobernuan zaudenean ez zaude epe motzeko erabakiak hartzeko soilik, etorkizunean ere pentsatu behar duzu. Eta gure gizartea zaharkitzen ari da, 65 urtetik gorako pertsonen kopurua handituko da, baita 80 urtera iritsiko direnena ere, menpekotasun egoera izateko aukera gehiago dituztenena. Bilakaera hori izanda, etorkizunean beharko ditugun errekurtsoetan pentsatu behar dugu, eta egoerari aurre egiteko beharrezko azpiegiturak prestatu behar ditugu. Zentzu horretan, Irunek Arbesko egoitza beharko du.
Aldundiarekin horiek dira mahai gainean dituzuen eztabaidagai nagusiak. Udalari dagokionean, udal aurrekontua onartzeko negoziatzen ari zarete. Zeintzuk izango dira 2013 urtean zure departamentuaren lerro nagusiak?
Lehenik eta behin gure planteamentua diru laguntzak mantentzea izan da, handitu ere handituko ditugu. Pertsona helduentzat zerbitzuak ere handitu nahi ditugu, bai egoitzen aldetik, baita etxeko laguntzaren aldetik ere.
“Etorkizunean beharko ditugun errekurtsoetan pentsatu behar dugu, eta egoerari aurre egiteko beharrezko azpiegiturak prestatu behar ditugu”
Bestela, jangela sozialean eskaintzen ditugun lekuak ere handitu nahi ditugu, ia bikoizteraino, eta hori aurrekontuen zirriborroan sartu dugu. Diru-laguntza berri bat ere sortu nahi dugu, udalerriko premiazko beharrei erantzuna ematen dieten erakundeei begira. Berdintasun Plan berri bat ere prestatu behar da eta horrekin hasi nahi dugu aurten. Eta, udalerriko gizarte langileek eta EAEko beste erakundeek egindako gomendioei erantzunez, hurrengo hilabeteetan adin txikikoen babesgabetasunaren gaineko protokolo bat garatu nahiko genuke hezkuntza zentroetan. Horiek dira, besteak beste, departamentuan aurten nabarmendu nahi nituzkeen lerro nagusiak.
Bistan da jende asko ari dela gaizki pasatzen, eta asko dira gizarte zerbitzuetara hurbiltzen direnak. Baina beharra izan eta hurbiltzen ez direnak ere badira.
Askotan erabaki pertsonala da gizarte zerbitzuetara hurbildu ala ez izkutuan bizi duen egoera bat azaltzeko. Hori duela gutxi udalean sortu genuen etxegabetzeen batzordean ikusten ari gara. Ezagutu izan ditudan kasu batzuetan, onartu digute hainbeste denboran egoera horretan bizi izan direla baina lotsagatik ez dutela ezer esan. Horrela bizi zirela eta ez zirela komunikatzera ausartzen, lotsagatik.
Zenbat dira une honetan Irunen etxegabetze prozedura abian dituzten familiak?
Ezingo nizuke esan zenbat diren egoera horretan daudenak, baina interesgarria iruditzen zait kasu batzuen erresoluzioa nolakoa izan den. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusitik eta epaitegietatik iristen ari zaizkigun datuak nabarmenduko nituzke, etxegabetze prozeduren etenaldia gertatu dela adierazten dutelako.
Honetan guztian funtsezkoak izan dira izandako erantzunak, lehehengo Stop Kaleratzeak bezalako elkarteena, hiritarren erreakzioak bildu dituztelako, baita erakundeen eta epaileenak ere; Gipuzkoako Abokatuen Elkargotik esaterako gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri dira, haien lanak gizarte zerbitzuetan jarraipena izan dezan.
Noski, askoz gehiago egin daiteke eta egin daitezkeen gauza horietako batzuk dira Irungo udalean egin diren eskaerak, hipoteken legea aldatzeko, edo etxebizitzen gizarte funtsa askoz handiagoa izatea. Dudarik gabe gauza bat ezinbestekoa da, banketxeen esku dauden etxebizitzak euren ohiko etxebizitza galdu dute hiritarren esku geratu behar dira.
“Banketxeei lagundu egin bazaie, egoera dramatikoan dauden eta erantzunak eskatzen dituzten herritarrek ere merezi dute laguntza hori jasotzea”
Irungo udalbatzarrak erabakitako mozioan, etxegabetzeak aurrera eramaten dituzten banketxeetatik dirua ateratzeko erabakia hartu zuen, beste neurrien artean. Uste duzu hori funtsezkoa izan dela prozedurak eteteko?
Nik uste denaren batuketa izan dela funtsezkoa, ez hori bakarrik. Hori bai, ezetz espero dugu, baina banketxeek etxegabetze prozedurekin aurrera egitea erabakiko balute, erakundeek horri erantzuna ematearen alde gaude. Baina, esan dizudan bezala, iristen zaizkigun datuen arabera, uste dugu ez dela beharrezkoa izango. Lanean jarraitu beharko dugu, baina inor kalean ez geratzea, hori izango da gure lehen helburua. Bitartean banketxeekin hitzegiten jarraituko dugu, akordioak bultzatzeko, eta gizarte zerbitzuetatik ere saiatu behar gara familiek bizi dituzten arazoei erantzuna emateko.
Cruzado, bere bulegoan, Urdanibiako Ospitale zaharrean
Gaizki pasatzen ari zaionari, etxea galtzeko bidean denari, nola azaltzen zaio bateragarriak direla etxegabetzeak eta amnistia fiskala?
Dudarik gabe zigortu behar den lehen gauza iruzur fiskala da, oso-oso garrantzitsua. Iruzur fiskalaren inguruan aipatzen diren kopuruak oso handiak dira, eta gure erakundeek, gure gizarteak diru horren guztiaren beharra dute. Banketxeei lagundu egin bazaie, egoera dramatikoan dauden eta erantzunak eskatzen dituzten herritarrek ere merezi dute laguntza hori jasotzea.
Etxegabetzeak, langabezi tasa altua, lan erregulazioak, soldaten izoztea… Prentsa irakurri, irratia entzun edo telebista ikusi, albisteak garai ilun baten adierazle dira. Jende asko gaizki pasatzen ari da, baita Irunen ere. Zer esango zenieke zailtasunetan diren irundarrei?
Esperantza izateko eta Irungo Udaleko gizarte zerbitzuak euren eskura daudela esango nieke, oinarrizko laguntza egiten duten profesional bikainak ditugula. Garrantzitsuena da laguntza behar dutenek eskatzea, duten beharra trasmititzea, eta hortik aurrera guk laguntza emateko aukera izango dugu. Eta ez naiz ari arazo ekonomikoez soilik, beste arazo batzuk ere badaudelako gordetzen direnak, jenero indarkeria, tratu txarrak, hirugarren adinekoen artean agertzen diren zailtasunak, ez bakarrik egoitzen edo etxeko laguntzaren beharra, baizik eta baita laguntasun, afektibostasun beharra ere… Horiek guztiak trasmititzea inportantea da.
Badira hamar bat urte gizarte zerbitzuen arloan hasi zinenetik. Hobetu al da urte horietan zailtasunak dituztenei eskaintzen zaien arreta?
Nik ez nuke hori esango. Aldatu dena egoera da, herritarrena. Duela hamar urte ez ginen honelako zerbitzuetaz hain konziente, egoera erabat desberdina zen. Politika sozialen eginbeharretako bat da lanaren etengabeko ebaluazioa egitea, eta arlo guztietan egoera berriei egokitu beharra baldin badago, gizarte zerbitzuetan ere hala da, eta hori da gertatu dena, gizartea aldatu dela eta gizarte zerbitzuak moldatu direla egoera berri horren aurrean.