Ekaitz aisialdi elkarteak, eta bere izenean, bertako kide Juan Luis Urkizuk jaso du aurtengo Trapujale oroigarria. Urkizuk “pozik” jaso du oroigarria, eta Inauteriaren barruan urratsak emateko beharra nabarmendu du, “helduak ere Trapujaleren figurarekin eta Inauteriekin inplika daitezen”.
Ekaitz aisialdi taldearen izenean Trapujale oroigarria jaso zenuen atzo. Zer suposatu du?
Poza eta ohore handia. 25 urte irauten duen gauza askorik ez dago, ez Lezon behintzat. gauza asko hasten ditugu baina gero ez dute jarraipenik izaten, orduan poza handia sentitu dut.
Hasieratik ibili zara zu Inauterien antolaketan?
Bai. Trapujale eta egun ezagutzen dugun Inauteriekin hasi aurretik Ekaitz aisialdi taldeak desfilea antolatzen zuen. Orain 25 urte berriz Trapujalerekin hasi ginen.
Trapujaleren 25. urteurrenaren harira omenaldia antolatu dute biharko Karlos Saldise Plazan. Sortzaile izan zaretenek nola bizi duzue?
Lan piska bat egin da eta batez ere jendearen borondatearekin egi bihurtuko dugu bihar Trapujaleri egingo diogun omenaldia. Ate asko jo ditugu eta jendeak erantzun du. Gure herrian jendeak izaten du prestotasuna gauzak egiteko, eta eskertzekoa da.
Ekaitzarekin hasi, eta orain Trapujale lan taldean jarraitzen duzu Inauterien antolaketan…
Bai denbora batez utzi nuen baino berriz ere Inauterien antolaketan nabil lanean, eta gustura gainera.
25 urte pasata zein balorazio egiten duzu Inauterien gainean?
Trapujaleren figura errotuta dago erabat. Hala ere urratsa emateko beharra ikusten dut, haurren artean Trapujale zabalduta dagoelako, eta orain helduen parte hartzea lortzeko ekimenak sortu behar ditugula uste dut. Horren harira bihar 19:00etan Saldise Plazan izango den Trapujaleren omenezko ekitaldian parte hartzera deitu nahi ditut lezoar guztiak.