Joxe Juan Ugalde: Bai, begietara begira
Ez dut ekarpen handirik egingo Errenteria-Orereta euskal gatazkaren sufrimenduaren gune ezagunetako bat dela esaten badut. Bat gehiago. Sufrimendua handia izan da herriaren historia hurbilean. Gogorrak izan dira pasarte asko eta asko; batzuk besteak baino gehiago, akaso; baina denak gogorrak. Beraz, denak kolore berekoak. Sufrimenduari ezin zaio kolore argiagoa edo nabarragoa ezarri. Beti da beltza.
Ilunpe horretatik irteteko, eta gertatutakoaren kontakizunean izan litezkeen bertsioak gora-behera, «sufrimendua ezabatzeko bidean urratsak eman behar dira». Hitz horiek Julen Mendoza Errenteria-Oreretako alkateak Eraikiz zine eta antzerki zikloaren inaugurazioan esandakoak dira. Mezu sakona utzi zuen horrenbeste sufritu duen eta sufritzen ari den herri horretako alkateak: «Ezin dugu bihozgabeak izan ondokoaren sufrimenduarekiko».
Ez atzera ez aurrera dirudien gatazkaren konponbiderako puntu honetan, batzuei eta besteei mugimendu eta urratsak egiteko eskatzen ari zaien honetan, bizikidetza eta berradiskidetzea eraiki beharra hitzetik hortzera dabilen honetan, ez dakit komunikabideek behar besteko zabalkundea eman ote dioten Eraikiz ekimenari.
«Zinema eta antzerki ziklo hau antolatzeko jatorri politiko ezberdinetako alderdi eta pertsonak elkartu gara. Gure helburua, herri honen etorkizun baketsuaren aldeko aurrerapausoa ematea da. Horretarako, eskainiko diren emanaldi eta mahai-inguruek hausnarketarako leiho bat irekitzea nahiko genuke».
Eraikiz-en aurkezpen ekitaldian esandakoak dira. Mahaian Errenteria-Oreretako alderdi guztietako ordezkariak: Julen Mendoza alkatea (Bildu), Jose Anjel Rodriguez (PSE-EE), Maite Peña (EAJ-PNV), Jose Maria Herzog (PP) eta Jose Manuel Ferradas (Ezker Anitza).
Batasun eredugarri horren ondoren garatutako zine eta antzerki zikloa etorkizun baketsua sustatzeko hausnarketa-gune bihurtu zen. Barrura begiratzeko leihoak, A fuego lento eta Begiak mintzo dira filmeen eta ikuskizunez gain, ezohiko argazkia utzi zuen topaketak, azken film horretan partaide diren lau pertsona elkartu zituen jendaurrean: Javi Asla, ETAk hildako Fabio Moreno bi urteko haurraren osaba; Tamara Muruetagoiena, 1981ean torturaren ondorioz hil zen Esteban Muruetagoienaren alaba, Rosa Rodero ETAk hil zuen Montxo Doral ertzainaren alarguna; eta Joxean Agirre 18 urte preso egondako ETAko kide ohia. Zalantzarik gabe, urrats handia, gatazkaren konponbidean eta bizikidetzaren eraikuntzan.
Senarra galdu zuen alargunak gorrotoak utzi eta herria eraikitzeko lanerako deia egin zuen. Iloba galdu zuen osabak esan zuen ahalegina egin beharra dagoela barruan izan litezkeen gorrotoek belaunaldi berrien etorkizuna pozoi ez dezaten. Aita torturaren ondorioz galdu zuen alabak esan zuen urtetako saminak gatazkaren konponbiderako pizgarri izan behar duela. Eta… talde armatuko kide izandakoak, bidean aurrera egiteko, akordio politiko eta sozialen beharra azpimarratu zuen, «ondo konpondu gabeko gatazkek berritzeko arriskua izaten dutelako». Denek adierazi zuten, pairatutako edo eragindako minaren gainetik, euskal gizarte berria eraikitzeko benetako nahia.
Denek egin zuten, pairatutako edo eragindako minaren gainetik, euskal gizarte berriranzko bidean benetako urratsa.
Gehiago ere bai. Julen Mendozak inaugurazioko hitzaldian «bestea entzuteko dugun beldurra garaitu beharra» aipatu zuen, eta gatazkaren zartakoa pairatu duten pertsona guztienganako hurbiltze zintzoa adierazi zuen, bakea eta berradiskidetzea «pertsona guztientzako eskubide guztien errespetuan» eraiki behar dela azpimarratuz. Horri lotuta, «euskal presoen egoera» ekarri zuen gogora, eta premiazkotzat jo zituen «Parot doktrina desaktibatzea, hiru laurdenak beteta dituztenak kaleratzea, guztiak Euskal Herriratzea eta erakunde politiko baten parte izateagatik oraindik ere pendiente dauden epaiketak bertan behera uztea».
Horra zenbat gogoeta, zenbat urrats… eta zenbat begirada begietara… Eraikiz zine eta antzerki zikloan!