"Hondakinak kudeatzeko sistema egokia" zehazten hasiko dira Errenterian
Errenteria-Oreretako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Batzordeak fase berri bati ekingo dio. Horretan, “gure ustez hondakinak kudeatzeko sistema egoki batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak” zehazten hasiko direla jakinarazi dute taldeko kideek, eta lortuko duten emaitza auzoetan aurkeztuko dute, “eztabaidatu eta ahal bezain gehien aberastu dadin”. Azken emaitza txosten batean bilduko dute.
2012ko azaroaren hasieran hasi zen lanean batzordea, eta urtarrilean Errenteria-Oreretako auzo guztietan bilerak egin zituzten, herriko hondakinen egungo egoera zein den ezagutarazteko, eta herritarrak gogoeta egitera bideratzeko. Horien balantze “positiboa” egin du taldeak, baina gazte jendea “faltan” sumatu dute. Auzoetako bileretan izandako ekarpenak aztertu ondoren, datorren astean hainbat alderdi politikoren ordezkariekin bilduko dira, EAJ, PP eta Ezker Anitzarekin hain zuzen: “PSE-EEk ukatu egin digu elkartzeko gonbita, Ingurumen Aholku Kontseiluarekin bilera egin arte”. Udal gobernu taldearekin ere bilduko dira.
Gogorarazi dute lantaldea “erabat irekia” dela, eta gai horretan interesa duen edonork parte har dezakeela.