
Asteazkenean aurkeztuko du Aitor Francok (Errenteria-Orereta, 1988) bere burua Martuteneko espetxean, Auzitegi Gorenaren sententzia dela eta, eta sei urte eta sei hilabeteko espetxealdiari aurre egin beharko dio.
Otsailaren 13an aurkeztuko duzu zure burua Martuteneko espetxean. Nola bizitzen ari zara atzera kontaketa hori?
Atzera kontaketa hau ez da hamar egun hauetan hasi niretzat; 2008an atxilotuak eta espetxeratuak izan ginenetik, baldintzapean bizitzera kondenatuak izan gara. Bai espetxealdian, baina baita kalean pasa ditugun urteetan ere. Edozein momentutan espetxeratzeko agindua iritsiko dela jakiteak etorkizunera begirako planik ez egitera kondenatzen zaitu, egunean egunekoa bizitzera. Azken fase honetan, hala ere, egia da urduritasuna areagotu egin dela niregan eta nire ingurukoengan. Eta egun hori iritsi bitarte zer egin planifikatzen hasten zara.
2008an atxilotuak eta espetxeratuak izan ginenetik, baldintzapean bizitzera kondenatuak izan gara”
Zer gertatuko dela espero duzu egun horretan?
Otsailaren 13an eguerdiko 12:00etan aurkeztuko naiz Martutenen. Egia esan, espetxeratua izateko eguna ez nuen horrela imajinatzen, espetxean nire burua aurkeztea ez baitzen nire planen barruan sartzen. Baina, 9.000 euroko fidantza ez galtzeko aurkeztea beste aukerarik ez dut. Estatuak dituen mekanismo guztiak jartzen ditu martxan nahi duena lortzeko, eta fidantzarena da horietako bat. Badakit momentua gogorra izango dela, baina gertuko jendeaz babestuta beti egiten da errazago.
Zer moduz zaude maila pertsonalean?
Urteak pasatu dira dagoeneko, eta egoera honetan bizitzen ikasi behar duzu; ez dago besterik. Edozein gauza egiteko baldintzatuta zaude, eta badakizu noizbait espetxera bueltatu beharko duzula. Uneoro duzu ideia hori buruan. Hala ere, harro nago egindako lanaz eta horrek lasaitu egiten nau.
Zer suposatzen du zure bizitzan momentu honetan espetxera itzultzeak?
Abenduaren 18an jakin genuen 6 urteko eta 6 urte eta erdiko espetxe zigorra bete behar genuela. Lehenagoztik kondenatuta izango nintzela pentsatzen nuenez, lana uztea erabaki nuen. Lan politikoan jarduteagatik nire gaztetasunaren 6 urte lapurtu dizkidate, zilegi izan beharko lukeen lan batengatik hain zuzen ere. Amorrua eta inpotentzia.
Dagoeneko Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio eta Arkaitz Anza espetxean daude. Nola bizi izan zenuen euren atxiloketa?
Hilabete ezkutuan pasatu ondoren jendartearen babespean aurkeztu zuten haien burua. Horrenbeste denboraren ostean berriz ere haiek ikusteak hunkitu egin ninduen; transmititzen zidaten indarrak eta babesak niri ere aurrera egiteko indarra eman zidan. Hala ere, une gogorra izan zen, haien hurrengo berriak espetxetik jasoko nituela bainekien. Eta nolabait nire burua imajinatu nuen egoera horretan. Ea Martutenen haiekin elkartzeko aukera dudan.
Martuteneko espetxean daude hirurak. Larunbatean martxa egin zuten Errenteria-Oreretatik hara. Bertan izan al zinen? Nolako goiza izan zen?
Ez nintzen bertan egon, oso gogorra egiten zitzaidan bertaratzea, hemendik egun batzuetara bertan egon beharko dudala jakinik. Etxean urduri igaro nuen goiza, jendea azalduko ote zen eta haiek entzuteko aukerarik izango ote zuten pentsatzen. Baina, jende ugari elkartu zela kontatu zidaten eta haien senideek esan didatenez, elkartasun oihuak jaso zituzten. Ziur nago asko eskertu zituztela jasotako indar eta animo oihuak.
Barruan zaudenean, horrelako ekimenek indar handia transmititzen dute. Oso garrantzitsua da espetxeetara antolatzen diren martxetan parte hartzea eta presoei babesa helaraztea edozein ekimenen bidez.
Ez nintzen [Martuteneko martxan] egon, oso gogorra egiten zitzaidan bertaratzea, hemendik egun batzuetara bertan egon beharko dudala jakinik”
Espetxean zure burua aurkeztearen bezperan, eskualdeko manifestazioa egingo dute Eleak mugimenduak deituta. Nola bizi izan dituzu denbora honetan eragile eta pertsonek emandako elkartasuna eta babesa?
Sententzia jaso genuen momentuan harreman bira bati ekin genion eragile sozial eta norbanako ezberdinei gure egoeraren berri eman eta horrelako egoeren aurrean posizio bat hartzeko eskatuz. Eskualdean eta Oreretan jaso dugun babesa izugarria izan da, prozesuak iraun duen denbora guztian zehar jendearen berotasuna nabaritu dugu. Eta eragile sozialen jarrera ere eskertu beharra dugu. Ez gara inolako momentutan bakarrik sentitu. Bereziki, azken hilabeteotako manifestazio eta deialdi ezberdinetara jende andana gerturatu da egoera salatzera. Honek argi erakusten du euskal jendarteak konponbiderako urratsak ematea eskatzen duela eta lan politikoak zilegi izan behar duela Euskal Herrian. Bide batez, aipatu beharra dago urtarrilaren 12an Bilbon burutu genuen manifestazioa ere, presoen eskubideen aldeko garrasia lau haizetara zabaldu genuen.
Ez gara inolako momentutan bakarrik sentitu”
Gizartearen babesa garrantzitsua izan da hilabete hauetan. Hala ere, oraindik beste hainbat gazte epaitu edo espetxeratzear daudela kontuan hartuta, ba al dago modurik halako epaiketekin bukatzeko?
Egoera berdinean aurkitzen garen gazteak asko gara Euskal Herrian. Egun hauetan jaso du Ekaitz Iberok ere espetxeratze agindua eta Donostiako 15 gazteek 13an dute bista Madrilen, ni espetxeratua izango naizen egunean bertan. Horrelako egoeren haurrean indarrak batu eta herri gisa erantzun behar dugu. Borrokatuz eta antolatuz lortuko dugu herri harresia eraiki eta gazte gehiago espetxeratua ez izatea. Gure eskubide zibil eta politikoak errespetatuak izatea.