30km orduko gune berriak ezarriko ditu Irungo Udalak
Irungo Udaleko Mugikortasun zinegotzi Cristina Labordak oinezkoei eta txirrindei lehentasuna emateko plana aurkeztu du gaur goizean. Horren arabera, 30km orduko muga ezarriko litzateke Irungo zenbait guneetan. Halaber, txirrindularientzako erreil berriak egiteko asmoa iragarri du zinegotziak.
Alderdi politikoek, elkarteek eta Irungo erakunde ezberdinek iragan asteartean Ficoban egindako Mugikortasun Mahaiean hartutako erabakien berri eman du gaur Labordak. Ospitalea-Behobia, Santiago zubia-Olaberria eta Katea-Luis Mariano ardatzak oinezkoentzako gune gisa bultzatzeko neurriak hartuko direla jakinarazi du. “Egin beharreko hobekuntzak diagnostikatu beharko dira. Espaloien eta hiri altzarien egokitzapena suposatuko luke horrek. Halaber, irisgarritasuna oztopatzen duten hesiak ezabatuko lirateke, oinezkoei lehentasuna emateko helburuarekin” azaldu du Labordak. Lan horiek gauzatzeko kontu sailak bideratu zirela aurrekontuen zirriborroan gaineratu du zinegotziak.
30km orduko
Oinezkoentzako guneak berreskuratzeko helburuarekin 30km orduko gune berri batzuk ezarriko direla jakinarazi du gaur goizean Mugikortasun zinegotziak. “Irungo zentroko guneak oinezkoentzako berreskuratzea” da helburua eta hori lortze aldera, “30km orduko guneak abian jarriko dira, trafikoa motelduz eta oinezko, txirrindulari eta gidarien arteko bizikidetza hobetuz”. San Juan eta Urdanibia plazak, Alde Zaharra eta Luis Mariano izango direla oinezkoentzako lehentasuna eskainiko duten hurrengo guneak zehaztu du zinegotziak. Berrotaran, Legia eta Joaquin Gamon kaleetan aldiz 20km orduko muga ezarriko dela ere adierazi du Labordak.
Era berean, Letxunborro eta Nafarroa hiribideetan txirrindularientzat zuzendutako erreil berriak egitea aztertzen ari direla jakitera eman du arduradunak.