Oinatz Mitxelena Irungo Bilduren bozeramailea
Irungo Bilduren udal taldeak, Oinatz Mitxelena bozeramailearen bidez Txingudiko mankomunitateko Jose Antonio Santano lehendakariak eta Aitor Kerejeta lehendakariordeak egindako
adierazpenei erantzuna eman die gaurkoan. Haren arabera,”Bilduk ateak zabalik ditu Txingudi bertan sartzeko”. Gainera, helegite judizialak jarri zituztenak bi norbanako izan zirela eta ez Bildu gezurtatu du Mitxelenak.
Horiek horrela, “Txingudi Gipuzkoarekin batera edo bere aldetik joan nahi duen” ez dakitela ziurtatu du bozermaileak. “Behin baino gehiagotan egin dugu galdera hau marko ezberdinetan, bai pribatuetan baita mankomunitateko batzar ezberdinetan ere, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso. Harriduraz jaso ditugu atzoko adierazpenak”, onartu du. Gainera, 2011ko abenduan Mitxelenak berak galdera hori egin zuela batzar batean aitortu du, baina momentura arte ez duela erantzunik jaso.
Bozeramaileak azaldu duenez, Txingudiko mankomunitatea Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketatik (GHK) kanpo dago tartean helegite judizial bat dagoelako eta beraz, behin betiko epaia plazaratu arte ezingo duela GHKren parte izan. “Bilduk ez du Txingudi GHKn ez sartzeko intentziorik eduki”, gaineratu du.
Era berean, helegitea bi norbanakok jarri zutela azaldu du eta bi horietatik, soilik Ricardo Ortegak aurkeztutako aurrera egin duela. “San Marko, Txingudi eta Debabarrenak esaten dute Bildu dagoela atzean, eta argi utzi nahi dugu ezetz”.
Errauskailuaren inguruan
Oinatz Mitxelena Irungo Bildu udal taldearen bozeramaileak azaldutakoaren arabera, GHK sortu zenean Txingudiko mankomunitateak bertan ez parte hartzea erabaki zuen “eskualderako errauskailu bat nahi zuelako”. Ondoren, Gipuzkoarako errauskailu bakarra egitea erabaki zen eta orduan, “Txingudik erabaki zuen bertan sartu nahi zuela”. Estatutuak medio, Txingudi sartzeko arazoak egon ziren eta bi norbanako horiek auzitara jotzea erabaki zuten.
Hori dela eta, prozesu judizialak aurrera egin bitartean Txingudik ezingo du GHKn sartu. “Bihar GHKren bilera dago” azaldu du Mitxelenak, “eta eman diren pauso berriekin konpromisoetarako adostasuna badagoela dirudi. Horrek argi erakusten du iazko uztailean egindako planak Txingudiko azpiegiturak barne hartzen direla”.
Era berean, Irungo Bilduren udal taldeak
gaikako bilketaren alde egingo duela eta ez dela horren aurkako “harresi” izango berretsi du.