Oreretako Bilduk bat egin du Eleak-ek deitutako manifestazioarekin
Eleak mugimenduak Errenteria-Oreretako bi gazte espetxeratuko dituztela eta, manifestazioa deitu du astearterako, eta EH Bilduk ere bat egin du. EH Bilduk gogorarazi duenez, dagoeneko hiru gazte espetxeratu dituzte sei eta sei urte eta erdiko espetxe zigorrarekin, eta laster beste bi gazte espetxeratuko dituzte. “Ez da onargarria jarduera politikoa egiteagatik herriko bost gazte horiek espetxeratzea”.
Oinarrizko eskubideak errespetatu behar direla esan du EH Bilduk, “horrek lagunduko baitu normalizazio politikoaren finkatzean”. Hala, euskal jendarteak “urratsak” eman behar dituela adierazi du, “agertoki politiko berriaren bidean”. Horrenbestez, herritar guztiak deitu ditu manifestazioan parte hartzera. Asteartea izango da, 20:00etan, Herriko Plazatik abiatuta.