Iazko aurrekontuaren antzerakoa izango du aurten Hondarribiko Udaleko Kirol departamentuak
Hondarribiko Udaleko Kirol Departamentuak 479.597 euroko aurrekontua izango du 2013an. Iazkoarekin alderatuta nabarmen jaitsi da, %19 inguru, baina hori hala da Txingudi Saskibaloiak jaso beharko lukeen dirulaguntza izenduna iaz aurreratu zitzaiolako, taldeak hala eskatuta. Bestela, iazkoaren antzerako aurrekontua izango du kirol arloak aurten.
Atzo eginiko aurkezpenean, Txomin Sagarzazu Kirol zinegotziak arloko helburu nagusiak zeintzuk diren azaldu zuen: “lehenik heziketa-kirola, aisialdi-kirola, osasun-kirola eta konpetizio-kirola bultzatzen jarraitzea, bigarrenik herriko kirol elkarteei laguntzea eta hirugarrenik, kirol instalazioen eta ekipamenduen mailari eustea, batez ere Mendeluko kirol gunea hobetzea, Soroetako kirol gunea dinamizatzea eta Arraun Elkarteak erabiltzeko instalazio berria prestatzea”.
Gastu arruntari dagokionez, aurrekontu osotik 148.521 euro gorde dira zeregin horretarako, “batez ere Jaietako pilota jaialdia eta udako zesta jaialdiak aipatu behar direlarik (28.500 euro bien artean), eta nola ez, futbol zelaiaren zainketa, Amute eta Soroetako kirol guneak, edota Hondarribia Arraun Elkarteko kirol instalakuntza berrien egokitzea”.
Eta trasferentzietarako beste 258.850 euro ageri dira udal aurrenkontuko kirolaren atalean. Horietatik 126.200 euro laguntza izendunen bidez banatuko dira —Hondarribia Arraun Elkarteak eta Sport Mundik jasotzen dituzte—, 88.000 elkarteen eguneroko jarduetarako izango dira eta beste 12.300 euro ekitaldi zehatzak antolatzen dituzten elkarteei emango zaie. Sagarzazuk argitu zuenez, ekintza horien artean daude, besteak beste, Rallysprinta, triatloia, judo torneoa, Bikingo Eguna edota Multiekintza Egokitua.