Atzo arratsean elkarretaratzea egin zuten Doneztebe plazan, Josune Balda herriko presoa epaitu dutela eta, hari elkartasuna adierazteko.
Ezker abertzaleko kideek jakinarazi zutenez, pasa den astelehenean —urtarrilaren 28an— hasi eta asteazkenean bukatzekoa zen Baldaren epaiketa. Azkenean, pasa den asteko saioak bertan behera utzi, eta atzo bukatu zen. Sententziaren zain dago orain herriko presoa, eta Fiskaltzak hamar urteko kartzela zigor eskaera egin du, “kolaborazioagatik”.
Ezker abertzaleak epaiketa salatu du: “Bizi dugun garaian, horrelako epaiketek lagundu baino, oztopoak jartzek dituzte”. Hala, herritarrak animatu dituzte mobilizazioetan parte hartzera. Horrez gain, Baldari eta herriko gainontzeko presoei idazten jarraitzeko deia egin dute, “animoak eta babesa emateko”.