Aldaketak izango dira Errenteriako trafikoan, Inauteriak direla eta
Larunbata eta igandean Inauterietako desfileak ikusi ahal izango dira kaleetan, baina horrek ohiko trafikoaren ibilbidea oztopatuko du. Horrenbestez, hainbat neurri hartu dituzte zirkulazioa beste bide alternatiboetatik egiteko. Larunbatean eta igandean, Erdialdea itxiko dute 16:00etatik 22:00etara, eta zehazki honako tokietan eragingo du: Maria Lezo, Xenpelar, Foru plaza, Pablo Iglesias, Alfontso XI eta Biteri. Era berean, bizilagunei bertatik ibilgailuak kentzeko eskatu diete, 12:00ak aurretik. Beste bide batzuk erabiltzea proposatu dute, eta N1 (ingurabidea) erabiltzea gomendatu dute.
Ibilgailuak ere Tulle, Segundo Izpizua eta Nafarroa etorbidean (Galizia biribilgunea eta Santa Klararen artean) kendu beharko dira 12:00ak baino lehen.
Larunbatean bakarrik honako tokietan ere moztuko dute trafikoa: Segundo Izpizua eta Biteri arteko bidegurutzea, Beraun kalea eta Arramendi arteko bidegurutzea, Aralar plaza, Galizia biribilgunea eta Lartzabal.
Garraio publikoan ere izango dira aldaketak: Morrongilletako geltokia eta Xenpelarrekoa Tulle kalera eramango dituzte, eta Iztietako, Zumardiko eta Gabierrotako bi norabideetako geltokiak, 08:30 eta 19:30 artean, Altamirako biribilgunera eramango dituzte.