Hamazazpigarren Korrika Irundik pasatu zeneko irudia
Hemezortzigarren Korrika prest dago jada. Martxoaren 14ko arratsaldean abiatuko da Andoaingo Martin Ugalde parketik, eta 24an bukatuko da Baionan. Bitarte horretan Euskal Herriko hiriburu guztiak eta ehunka herri zeharkatuko ditu, horien artean Oarso Bidasokoak. Hala, bi eskualdeetara martxoaren 23ko 23:31an iritsiko da euskaraz bizi nahi dutenek egiten duten lasterketa, Antxora, Donostiako Altza auzotik. Jarraian, Oarsoaldean eta Bidasoan zein ordutan pasatuko den ikus daiteke:
Martxoak 23
- 23:31an Antxora iritsiko da, Donostiako Altza auzotik.
Martxoak 24
- Antxoko barrutia zeharkatu ondoren, Trintxerpe aldera joko du Korrikak, eta 00:07an iritsiko da San Pedrora.
- Motoran zeharkatuko du Pasaiako badia Korrika; 00:16an hartuko dute lekukoa sanjuandarrek.
- Donibanetik Lezorako bidea hartuko du euskararen aldeko lasterketak: 00:31n iritsiko da Lezora.
- Lezotik, Errenteria-Oreretara: 00:45ean iritsiko da Oarsoaldeko herri handienera.
- 01:27an, oiartzuarren txanda. Handik, Gurutzetik, Irun alderako bidea hartuko du, hiria zeharkatu eta Hondarribira iristeko.
- 03:06: hondarribiarrek eutsiko diote Korrikaren lekukoari.
- 03:45: Irunen sartuko da hemezortzigarren Korrika, eta Lapurdirako bidea hartuko du, Hendaiara iristeko
- 04:11n, Hendaiara iritsiko da lasterketa herrikoia, eta 05:16an Urruñako erdigunea zeharkatuko du.
Martxoaren 24an bukatuko da Korrika Baionan. 11:12an iritsiko da Lapurdiko hiriburura, eta 12:30ean egingo dute amaiera ekitaldia.