EB-Berdeek bezala, Irungo EAJk ere zuzenketak proposatu dizkie PSE-EEren Gobernu Taldeak egindako aurrekontuei. EAJren iritziz, “udalak tokiko ekonomiaren eragile bilakatu behar du”, eta horretarako obra txikiagoetan 1,8 milioi euro gastatzea proposatu du, “tokiko ekonomia sustatzeko”.
EAJ, orokorrean ados dago aurrekontuetan jasotako “proposamen handiekin”, eta udalak gastuak murriztearekin (ondasun eta zerbitzuetan eta transferentzia korronteetan %5,01eko murrizketa proposatu du PSE-EEk). Baina EAJren iritziz, “are gehiago” egin daiteke Irunen. Horretarako, “kalean lan zehatza” egin dute jeltzaleek, goizean egindako agerraldian Xabier Iridoyk jakinarazi duenez. Lan hori hiru proposamen zehatzetan islatu du, eta hiru proposamen horiek eztabaidatu nahi dituzte gobernuarekin.
Xabier Iridoy
Batetik, auzoetan hobekuntzak egiteko lanetara, 2.376.000 euro bideratzea proposatzen du EAJk (gobernuaren aurrekontu proiektuan kopuru hori 652.000 eurokoa da).
Bestetik, egiturazko konpokeketarako edo derrigorrez egin beharreko lanetarako, 696.280 euro bideratu beharrean, 702.280 bideratzea.
Eta azkenik, esku hartze txikietarako, 771.000 euro izatea eta ez 667.000.
Guztira, 2.015.280 eurotik 3.789.280 eurora igoko litzateke Irungo aurrekontua.
30 bat esku hartze aurreikusi ditu guztira EAJk. “Helburua beren eguneroko inguruan bizilagunek identifikatzen dituzten beharrei erantzuna ematea da”, zehaztu du Iridoyk. Hala nola, hiriko puntu beltzak kentzera bideratuko litzakete dirua, frontoietan hobekuntzak egiteko, aparkalekuen eta oinezkoentzako loturen hobekuntzak egiteko, ikastetxeen mantenurako, barrera arkitektonikoak kentzeko…
Gainera, proposamenaren asmoa da obra horiek tokiko enpresek egin ahal izatea, “jarduera ekonomikoa sortzeko eta enplegua mantentzeko”. EAJk “ahal den guztia” egin nahi du hiriko enpresak laguntzeko, “hauek enplegu maila mantentzeko eta lanpostuak suntsitzen ez jarraitzeko; izan ere, lanpostuak sortu baino, daudenak ez dira suntsitu behar”.
EAJ prest dago gobernuarekin hitz egiteko eta adostasun batera iristen saiatzeko.