2012ko euskal Inauteriak
Kemen Dantza Taldeak euskal Inauteria antolatu du laugarren urtez larunbaterako, otsailaren 9rako. Aurten, Goizuetako Inauteriak aitzakia gisa hartuko dute Kemenekoek, eta bertan gauzatzen den “puska eske hau egiteko garaian makilak dantzan jartzen dituzte goizuetarrek eta modu berean egingo dugu Irunen ere”, adierazi dute.
Hala, 250 lagunek osatutako konpartsa aterako da larunbatean. Kemeneko dantzariez gain, Txingudi Ikastolako, Eguzkitzako eta Elatzetako dantza taldeak aterako dira bertan. Gainera, Irungo Musika Eskolako ikasleei deialdi berezia egin die Kemenek euskal Inauterian parte har dezaten.
Horiek horrela, eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Pio XII. plazatik. Ibilbidean zehar hainbat geldialdi egingo dituzte Pio XII, Zabaltza, San Juan Harri, Junkal eliza eta Erromes plazetan Goizuetako zahagi dantza plazaratzeko helburuarekin. Ondoren, zaharren egoitzara bisita egingo dute dantzariek, Inauteria bertara eramanez, irundar guztiek giro ezinhobean pasa dezaten eguna.
Gainontzeko ospakizunak
Kemen Dantza Taldea ezezik, gogoratzekoa da Eraiki eta Ibarla-Meaka dantza taldeak, zein Txorimalo Soinu taldeak ere lehengo ohiturak berreskuratu eta baserriz baserri ariko direla. Ordutegiak ondokoak dira:
- 09:30 Ibarla-Meaka Dantza taldeko kideak auzoko baserrietan zehar ospatuko dute Inauteria.
- 10:00 Eraiki Dantza Taldea puxka biltzera aterako da larunbatean, Behobiako eta Bidasoako baserrietan barrena.
- 10:00 Txorimaloak Soinu Taldeak Anakako baserriak girotuko ditu.