Goizean, agerraldia egin du Manuel Millan Irungo EB-Berdeen ordezkariak. Jakinarazi duenez, bere taldeak osoko zuzenketa aurkeztuko die aurrekontuei, “egungoak erretiratu eta berriak egin ditzaten, ez baitiete hiriak dituen beharrei erantzuten”.
Manuel Millan
Millanen arabera, egia da udala egoera ekonomiko “osasuntsuan” dagoela, “dituen zorrak ez direlako itotzeko modukoak, aurrezteko ahalmena duelako eta margen bat duelako inbertitzeko”. Baina egoera “osasuntsu” hori zeren kontura lortzen ari den aintzat hartzekoa dela nabarmendu du. Irungo kasuan, egoera egoki hori “zerga gehiagorekin, enplegu gutxiagorekin eta soldata merkeagoekin, eta zerbitzu okerragoekin” lortzen ari direla salatu du.
Zergen igoera orokorra %2,75ekoa dela gogorarazi du, baina tasa batzuen igoera “izugarria” izan dela azaldu du: “Musika Eskola eta Kontserbatorioaren tasa %10-15 artean igo dute, esaterako, eta kiroldegietako bazkideen kuota %100, familia bazkidetza kendu baitute Artalekun, adibidez”.
Enplegu publiko zuzena eta zeharkakoa ere gutxiago dela kritikatu du: “Subkontratatzeko diru gutxiago izango da, eta horrek enplegu gutxiago eta zerbitzuen kalitate okerragoa ekarriko du”. Soldatetan izandako murrizketak ere gaitzetsi ditu: “Zapateroren murrizketez gain, Irungo Udalak ez zuen Udalhitz hitzarmena aplikatu 2009an eta udaltzainen C taldea ere ez du aplikatu”.
Horren guztiaren ondorioz, zerbitzuen kalitateak txarrera egin duela dio. “Baliabide gutxien dituzten sektoreek baja ematen dute zerbitzuetan; zuhaitzak mozten gehiago tardatzen dute, bideko zuloak tapatzen ere bai, udaltzainak gutxiegi dira…”, erabaki horiek ondorio okerrak dakartzatela ohartarazi du.
Hiritarren beharrak ase gabe
Ondorioz, hiriaren eta hiritarren beharrak ase gabe daudela nabarmendu du. Millanen eta bere taldearen iritziz, PSE-EEren Gobernu Taldeak, erabaki on batzuk hartu ditu eta planteatutako inbertsio batzuk egokiak direla onartu du. Baina beste batzuk okerrak direla salatu du: “Langabezia %17,7a da dagoeneko Irunen, baina Bidasoa Bizirik-en aurrekontua %14,21 jaitsi nahi dute; Gizarte Zerbitzuetako partidek behera egin dute; babes ofizialeko etxeen eskaintza ez da nahikoa, eta alokairu sozialaren alde egin beharko lukete; horrez gain, beste proiektu batzuk etengabe luzatzen ari dira (Osinbiribil eta Gain-Gainean parkeak…)”.
EB-Berdeen arabera, aurrekontuak egiterakoan “beste behar batzuk” lehenetsi behar dira. Horregatik, osoko zuzenketa aurkeztuko die aurrekontuei otsailaren 18an egingo duten udalbatzarrean. Hala ere, Millanek jakinarazi du udal talde guztiekin harremanetan daudela aurrekontuak adosteko, eta “puntu garrantzitsuak” aldatzen badituzte osoko zuzenketa atzera botako dutela.