Gipuzkoako Txapelketan parte hartu zuten Hondarribiko kadeteak
Joan den igandean Gipuzkoako Judo Txapelketa egin zuten Lezoko Bekoerrota kiroldegian eta bertan izan ziren Hondarribiko Ama Guadalupekoa Judo Taldeko mutil eta neskak. Hondarribiko kluba izan zen onena, nabarmen, hamalau domina lortuta. Kontuan izan behar da, gainera, Lezon lehiatu zirenetako asko Madrilen aritu zirela bezperan, Espainiako Kluben Ligako lehen jardunaldian.
Mutiletan Ama Guadalupekoako judokak lau pisutan lehiatu ziren, -81, -66, -55 eta -50 kiloetan, eta guztira, bederatzi domina eskuratu zituzten. Nabarmentzekoa da pisu txikienean, 50 kilotik beherakoetan, lau domina lortuz zituztela: Iñaki Lekuonak urrea, Oier Goikoetxeak zilarra eta Eneko Aragonek eta Iker Irastorzak brontzea partekatu zuten.
Gainontzeko pisuetan, Iker Otegik (-66) eta Antxon Lekarozek (-55) podioko goiko koska zapaldu zuten, Martxel Eizagirre (-81) bigarren izan zen eta Jon Gainzka (-66) eta Iñigo Gonzalezek (-55) brontzea lepoan jantzita itzuli ziren herrira.
Nesken artean, Lidia Yarzak (+70) eta Nekane Quiñonesek (-70) urrea lortu zuten, eta Amets Sarasuak (-70), Enara Sagarzazuk (-63) eta Mari Asun Quiñonesek (+70) zilarra.