Iazko abenduan Mikel Laboaren omenez egindako kontzertu arrakastatsuaren ondoren, Iñaki Salvador pianista donostiarra Itsas Etxea Auditoriumera itzuliko da ostiralean, oraingoan Olatz Saitua sopranoaren eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoaren laguntzarekin.
Begirada bi goiburupean, Tomas Garbizu konpositore lezoarrak harmonizatutako euskal kantuen bilduma bat interpretatuko dute, 20:00etatik aurrera.
Ideia berria da, baina, nolabait, 1971. urtean du abiapuntua. Izan ere, urte hartan Donostiako udal aurrezki kutxak (Caja Municipal de San Sebastian)
Viejas canciones donostiarras goiburuko bilduma argitaratu zuen, Garbizuk harmonizatutako hainbat euskal abestien partiturak bilduz.
Udaleko Kultura departamentutik esan dutenez, Garbizuren eta Salvadorren eskuak, bienak nabarituko dira ostiraleko saioan: “Saituak, Zubillagak eta Salvadorrek Garbizuren partitura horiei bizia emango diete eszenatokian, baina harago ere iristen da haien asmoa: izan ere, Salvadorrek Garbizuren jatorrizko lan horietako asko osatu egiten ditu, moldaketak eginez, eta hala, herri kantak bien izaera jasotzen dute, Garbizurena nahiz Salvadorrena”.
Sarrerak turismo bulegoetan jarri dituzte salgai, 8 euroan, eta kontzertuaren egunean ere leihatilak salduko dituzte, emanaldia hasi baino ordubete lehenago hasita.
Egitaraua:
- Kaia barrenian.
- Ilargi eder.
- Donostiako hiru damatxo.
- Gabonetan.
- Hiru errege Orienteko.
- Pello Joxepe.
- Habanera del Guria.
- Goizeko izarra.
- Haurtxo txikia.
- Lo ta lo.
- Beltxarana.
- Aitak semeari.