Argazkia: EITB
Goihaitz Perezek (Oiartzun, 1994) 18 urte ditu. Bidaiatzea gustuko du, mendizalea da, eta leku berriak eta jende berria ezagutu nahi ditu. Horregatik aurkeztu zen
Txapela Buruan ETB 1en programa berrian parte hartzeko. Lau gazte, Europan barrena 15 eguneko Interrail paseekin (trenez) bidaiatuko dira programa horretan. Honela azaldu ditu ETB egitasmoaren nondik norakoak: “Kontinenteko hainbat lurralde eta hiri ezagutuko dituzte. Horretarako, komunikatzeko gaitasun handia izan beharko dute, baina komunikatzen jakitea, ez du zergatik hizkuntza atzerritar bat menperatzea esan nahi. Hamaika izango dira, gure protagonistek biziko dituzten egoera lotsagabe, eta dibertigarriak”. Perezek, aukeratua izan ondoren, ostegunean ekingo dio bidaiari. Nola sentitzen den kontatu digu.
Zergatik aurkeztu zinen casting edo hautaprobara?
Egia esan, ez dakit. Lagun batek komentatu zidan casting-a zegoela bi egun lehenago. Ez nekien programa zer zen ere, pentsa! Hasieran irratirako zela uste nuen. Urtarrilaren 18an egin nuen casting-a. 10:00etatik 18:00etara zegoen aukera Bilboko EITBren egoitzan, eta hara joan nintzen. Bertan kontatu zidaten telebistako programa bat zela. Pentsatu nuen: ‘Ba berdin du, dagoeneko hemen egonda, beste esperientzia bat gehiago!’. Aukeratuek doan bidatuko zutela zehaztu zidaten. Zergatik aurkeztu nintzen, zein nintzen, zer nahi nuen, bidaiatzea gustatzen zitzaidan… galdetu zidaten. Bidaiatzea gustatzen zitzaidalako aurkeztu nintzela esan nuen, jendea ezagutzeko, kultura ezberdinak ezagutzea gustatzen zaidalako…
Zenbat jende aurkeztu zen probara?
160-170 gazte inguru aurkeztu ziren, 18-30 adin tartekoak.
Eta zu zara bidaia egiteko zortea duenetako bat.
Lau izan ginen aukeratuak.
Esan dizute zergatik aukeratu zintuzten?
Egia esan ez. Agian, natural ikusiko ninduten, lasai. Komentatu zidaten show-rik ez zutela nahi, horrelako pertsonajerik ez zutela buruan. Galdetu ziguten zergatik nahi genuen bidaiatu , eta telebistan ateratzeagatik bakarrik parte hartu nahi zuen jendea ez zutela bilatzen esan zidaten. Ni ere harrituta gelditu naiz aukeratu nautelako, baina ez dut galdetu zergatik hautatu ninduten.
Telefonoz deitu zizuten berria emateko, ezta?
Hasieran amak hartu zuen, eta berak esan zidan deitu egin zidatela. Baina hari ez zioten esan zertarako zen deia. Nik hartu nuen gero, eta galdetu zidaten: ‘Zer Goihaitz, prest bidaiatzeko?’. Eta albistearen berri eman zidaten. Ezer ez esateko esan zidaten, hurrengo egunean egingo zutelako publiko. Pozik hartu nuen albistea, egia esan. Gero Hernaniko Ibaimendi dendara joateko-eta geratu ginen, denda horrek eman baitigu arropa bidaiarako. Lumazko berokiak, motxilak… Trango markakoak dira eta Ibaimendik eman dizkigu. Hala, publizitatea egiten dute.
Noiz zoaz?
Ostegun honetan. Beno, ostegunean aterpetxe batean elkartuko gara. Bertan kontatuko digute zehazki nola izango den bidaia, eta gure artean zertxobait gehiago ezagutzeko ere baliatuko dugu aukera. Gero, ostiralean, bidaia hasiko dugu.
Bidaiaren nondik norakoak badakizkizue, ezta?
Beno, ez pentsa, guri ere ez digute gehiegi kontatu.
Ezin duzue esan...
Hori da, oraindik ezin dugu ezer esan, baina ez dakigu gehiegi ere. Bertan egingo duguna sorpresa izatea nahi dute.
Baina, tokiak badakizkizue...
Bai, nik Poloniaren ardura izango dut. Lekukoa Berlinen hartuko dut, Txapela bertan jantziko dut. Polonian, hasteko, Poznan-era joango gara, gero Varsoviara eta handik Cracoviara.
Eta han zer egin behar duzue?
Kasu horretan ni izango naiz besteak gidatuko dituena. Nik esango diet bisitatuko ditugun gauzak zer diren, leku tipikoak, non bazkalduko dugun, non afaldu… Hori txandaka egingo dugu. Historia eta kultura ikasiko ditugu, eta horixe nahi dute islatu programan. Ez daude probak, ez da reality bat…
Laguntzarik izan duzue?
Bai, han kontaktu batzuk baditugu, eta antolatzaileek ere eman dizkigute pista batzuk, baina askatasuna izan dugu zer egin nahi dugun aukeratzeko. Helburua giro txarrik ez sortzea da. Nahi dutena da ikus dadila zer den Interrail bidaia bat, nola pasatzen dugun, zer ikasten den.. eta gazteei hori bera egiteko gogoa piztea.
Programa euskaraz izango da, ETB1ean delako, baina euskaraz ez dakite handik. Nola komunikatuko zarete?
Hori da, programako gauzak eta azalpenak euskaraz grabatuko ditugu, baina han, ingelesez saiatu beharko gara jendearekin eta keinuekin.
Ostiralean hasiko da bidaia, beraz.
Bai, ostiralean Hendaiatik Parisera joango gara.
Eta noiz itzuliko zarete?
Otsailaren 21ean itzuliko gara berriro Hendaiara. Hamabost egun dira guztira, 8tik 21era.
Eta noiz emango dute telebistan?
Esan digutenez, martxoan botako dute.
Zein da saria? Diru ordainik badago?
Gure saria bidaia bera da, eta eman diguten arropa. Eta ez da gutxi! Bestalde, ez dakigu edizio gehiago izango diren. Lehenengo aldia denez, ikusi beharko dute ondo ateratzen den, eta gero gerokoak.
Gogoz zoaz? Zer espero duzu?
Bai! Sekulako esperientzia izango dela uste dut. Giro ona dugu. Lau gara eta beste lau telebistako taldekoak, eta gustura gaude.
Ez zara bakarrik sentituko?
Ez, elkarrekin joango gara, eta dagoeneko hasi gara elkar ezagutzen. Pare bat aldiz ikusi gara, bazkaldu dugu… Jatorrak dira, irekiak… Gustura gaude.
Itzulitakoan hitz egingo dugu berriro eta kontatuko diguzu?
Bai, noski, ea zer ematen duen esperientzia honek!