![Pasaiako udal aurrekontuen aurkezpena](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2013/02/DSC_0052-300x198.jpg)
Jose Luis Sanz Ogasun zinegotzia, herritarrei azalpenak ematen Antxon
Pasaiako gobernu taldea udal aurrekontuen proposamena aurkezten hasi zaie herritarrei. Hori egiteko lehenengo bilkura atzo arratsean egin zuten Antxoko Kultur Etxean.
Gainontzeko barrutietako batzarrak aste honetan egingo dituzte. Hala, zenbaki lodiena, aurrekontu osoarena, 2012koarekin alderatuta %7 handiagoa izango da Bilduko kideek prestatu duten zirriborroaren arabera, 18.946.621 eurokoa hain zuzen. Gastu kontsolidatuarekin (udalak zuzenean kudeatzen ez dituen erakundeei egin beharreko ekarpena, Pasaia Musikal, Udal Euskaltegia eta San Pedroko adinekoen egoitza kasu) 21,3 milioikoa da aurrekontu proposamena. Hartara, udal gobernuak 2013rako gizarte zerbitzuei, hau da, babes gehien behar duten pasaitarrei ematen zaizkien zerbitzuen sortari, berebiziko garrantzia eman die, 2012koarekin alderatuta %2 igo duelako horretara bideratutako kopurua, gastu osoaren %21era helduz. Euskararen atala ere indartu nahi dute, %1eko igoerarekin. Hala ere, udalaren ohiko jardueren atalak —administrazio orokorraren atala— du ezarrita gastu gehien, aurrekontu osoaren %38.
Hori gastuetan. Sarrerei dagokienez, %50a Gipuzkoako Foru Aldundiaren Herri Finantzaziorako Foru Funtsetik jasoko luke (9,4 milioi), aurrekontuen proposamenean agertzen denez, Pasaiako Udalak. Sarreretan ere nabarmentzekoa da tasa eta zerga bidez gehiago bilduko duela udalak, besteak beste, etxebizitza hutsen gaineko udal tasa %150 igo dutelako. Hala, udalak bere kabuz lortuko dituen diru sarreren bidez 8,12 milioi eskuratuko lituzke. Sarrera horietan berria da ondareari lotutako diru sarrera, izan ere, udal hilerrietako ondarea erosteko –panteoiak eta— aukera izango dute pasaitarrek, eta ekarpen hori ere jasota dago zirriborroan.
Esan bezala, barrutiz barruti ari dira aurkezten udal aurrekontua gobernu taldeko kideak. Aurretik, baina, gainontzeko udal taldeetako ordezkariei eman zieten proposamenaren berri. Bigarren fase honetan herritarren ekarpenak jaso ondoren, aurrekontuei hasierako onarpena emateko udalbatzarra egingo dute; onartuko balira, jendaurrean 15 egunez egongo lirateke helegiteak-eta aurkezteko. Horrelakorik ez balego, behin betiko onartuko lirateke.