Igande sasoik Colon ibilbidea hartuko du berriz ere
Hilaren 17an Igande Sasoi ekimena egingo dute berriro Colon ibilbidean. Oraingo honetan udalak Irungo kirol elkarteei euren proposamenak egiteko eskatu die, “irundar guztiei zuzendutako jarduera horietan parte har dezaten, igande goiz baterako aisia aukera bat den aldetik”, adierazi du Pedro Alegre kiroletako ordezkariak. Horretarako, gutun bat bidali diete elkarte guztiei eta proposamen guztiak jasotakoan, horiek baloratu eta programa osatuko dute. Datorren larunbata (hilak 9) arte bidal daitezke proposamenak.
Iazko azaroaren 18an egin zuten lehenengo aldiz Igande Sasoi ekimena eta hilaren 17koa ere antzekoa izango dela aurreratu du Alegrek. Colon ibilbideko zati bat moztu egingo dute eta oinezko zein bizikletentzat erreserbatua egongo da. “Normalean autoak egoten diren toki bat jendearentzat irabaztea da helburua”, azaldu zuen lehenengo ekitaldia aurkeztean Cristina Laborda Mugikortasuneko ordezkariak.
Aurrera begira ere “erritmoa mantentzea” eta saio berriak antolatzea da helburua.