Gipuzkoako langabezia tasarik altuenak dituzte Oarso eta Bidasoaldeak
Langabeziak gora egin du beste behin Oarso eta Bidasoaldean, eta oraingoan, Gipuzkoako tasarik altuenak ageri dituzte bi eskualdeak. Guztira, 5.829 langabe ditu Oarsoaldeak, eta 6.346, Behe Bidasoak.
Horiek horrela, Oarsoaldeak pairatu du Gipuzkoako igoerarik nabarmenena abendutik urtarrilera. Denera, %16,52ko tasa zuen eskualdeak urtarrila itxi orduko. 2012. urteko urtarrilarekin alderatuta, 5.005 langabe zeuden iaz Oarsoaldean.
Sektore eta adinen araberako datuak ez daude eskura Oarsoaldean.
Markak hautsiz
Bidasoaldeko langabezia tasak gorako joerari eutsi dio urtarrilean eta denera, 6.346 langabe (%16,42) zeuden eskualdean urtarrila bukatu orduko. Langabe kopurua 6.148koa (%15,91) zen abendua bukaeran. Hala ere, Hondarribiko eta Irungo datuak oso bestelakoak dira banan banan aztertuz gero.
Horiek horrela, Hondarribiak %12,3ko langabezia tasa duen bitartean, Irunek %17,7koa du; 990 langabe eta 5.408 hurrenez hurren. 2012ko abenduarekin alderatuta, 5.229 langaberekin itxi zuen 2012. urtea Irunek, eta 958rekin Hondarribiak.
Iazko urtarrila kontuan hartuz gero, 5.007 (%16,4) langabetik 5.408 langabera igaro da Irun; eta 905etik 990era Hondarribia.
Emakumeak kaltetuenak Bidasoan
Datuak sakontasunean aztertuz gero, emakumeak gizonak baino kaltetuagoak izan dira langabeziaren azken gorakadaren ondorioz. Hala ere, 25 eta 45 urte arteko emakumeak izan dira zehazki kaltetuenak %5,6ko gorakadarekin abenduarekin alderatuz gero; denera, adin tarte horretako 1.734 emakume langabe daude Behe Bidasoan.
25 urte beherako emakumeei dagokienez, 251 zeuden langabezian urtarrila bukaeran. 45 urtetik gorako emakumeek pairatu dute gorakadarik txikiena eta 1.506 daude langabe denera.
Sektoreak aztertuz gero, industriak pairatu du gorakadarik altuena (%6,7) azken hilabetean Bidasoaldean.