Baso erreserbarako bitartekari lanak egiteko eskatu dio udalari Eguzkik
Eguzki talde ekologistak Errenteriako Udalari galdegin dio Añarbe baso erreserba izateko eskaera Gipuzkoako Foru Aldundiari berriro bidaltzeko. Hala, 2006an eta 2009an gai horri lotuta hartutako konpromisoak “berriro bideratzeko” eskatu dio, “denbora luzea igaro baita, eta gaia erabat geldirik dago”. Zentzu horretan, udala 2006tik 1.000 hektareatako baso erreserba sortzearen alde agertu dela zehaztu du.
Eguzkik azaldu duenez, Añarbe Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dago, eta horrenbestez, baita Natura 2000 Sarearen barruan ere. Talde ekologistak ezinbestekotzat jotzen du izendapen hori, oso garrantzitsua dela iritzi baitio “habitata, espezieak eta Añarbeko uraren kalitatea zaintzea, Gipuzkoako biztanleriaren erdia baino gehiagok hortik jasotzen baitu edateko ura”.
Talde ekologistak gogorarazi duenez, Añarbe “leku berezia” da, “bertan, harizti eta pagadi oparoez gain, Gipuzkoan eta Bizkaian ia ez dauden animaliak topa ditzakegu”.