
Pasaiako portuaren trafikoa jaitsi egin zen iaz berriz ere, %4,6. Denera, 3.101.570 tona merkantzia itsasoratu edo lehorreratu ziren portutik iaz, 2011ko 3.251.969en aurrean. Hala, 2011ko datuekin alderatuta, aldaketarik deigarriena ontzietara kargatutako gaietan izan zen, horien kopurua %12,2 (1.114.217 tona) jaitsi zelako iaz; lehorrera ekarritako gaiak, ordea, %0,4 hazi ziren.
2012an portuan gehien erabili zituzten merkantziak siderurgiarekin lotutakoak izan ziren, 1,13 milioi tona denera, portuaren trafiko osoaren %37,2; hala ere, 2011arekin alderatuta, %15,84 jaitsi zen iaz merkantzia hauen trafikoa. Autoen garraioak ere jaitsiera nabarmena izan zuen, 2011rekin konparatuta %21,31 egin zuelako behera zama horien trafikoak 2012an. Gora egin duten salgaiak, ordea, ikatza eta cok-a (+77,3) eta egurra (+32,5) izan dira. Txatarra gehien erabilitako merkantzien zerrendan hirugarren postuan dago, 342.725 tonarekin (-7,15).
Iaz, 895 merkantzia ontzi sartu edo atera ziren Pasaiako portutik, 2011n baino 68 ontzi gutxiago. 2003an, esaterako, 1.727 ontzira iritsi zen kopuru hori.