Sasetaren batailoietako kideen gorpuzkien bilaketa hasiko dute asteburuan
Eusko Gudarosteko buruzagi Kandido Saseta hondarribiarraren agindupean borrokatutako 80-100 bat gudarien gorpuzkiak bilatzeko lanak abiatuko dituzte asteburuan Asturiasko Areces herrian dagoen Euskaldunen zelaia izeneko eremuan. Haien artean, Ambrosio eta Antonio Agirre irundarren gorpuzkiak leudeke.
Gipuzkoako Forua Aldundia eta Donostiako Udala Sasetarekin batera hil zituzten gudarien gorpuzkiak etxera eramateko lankidetzan ari dira. Lankidetza akordio horren barruan, bi erakundeek Aranzadi Zientzia Elkartearen ardurapean jarri dituzte gudarien gorpuak berreskuratzeko ikerketa lanak. Hau hala izanda, Aranzadi Zientzia Elkarteak asteburu honetan bertan ekingo die Euskaldunen zelaia izeneko tokian egin beharreko ikerketa lanei.
Hala, Joserra Enparan hondarribiarrak, Olagarro eta Muara elkarteen laguntzarekin, abiatutako prozesuari segida emango diote. Enparanen ikerketek Eusko Gudarosteko komandantearen gorpua aurkitzeko balio izan zuten. Sasetaren gorpuzkiak duela lau urte ekarri zituzten Arecesetik, baina inguru hartan, Euskaldunen zelaiaizeneko tokian, bere batailoietako dozenaka kiderenak geratu ziren. Orain, horiek guztiak lurpetik atera, identifikatu eta Euskal Herrira ekartzea da Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburua.