Ohorezko Mailako derbia izango da bihar Hondartza futbol zelaian, 15:45etik aurrera. Etxeko taldeak, Hondarribiak, Real Union Bren bisita izango du. Lehen itzulian Mikel Llorenterenak nagusitu ziren Galen, baina ordutik gauza asko gertatu dira eta irundarrak sailkapeneko bigarren postuan daude eta begiekin jota dute Hernani liderra. Hala ere, hiru puntuak etxean geratuko direla uste du berdeen entrenatzaileak.

Llorente, irudiaren erdian, Irunen jokatutako partidan
Zer moduz entrenatu zarete aste honetan?
Denboraldia hasi zenetik oso ondo entrenatzen ari gara, ilusio handiarekin, eta aste honetan ere horrela ikusi ditut mutilak saioetan.
Aurrean sailkapeneko bigarrena izango duzue. Zer da landu duzuena?
Garrantzitsuena gure estiloa praktikan jartzea izango da eta, etxean jokatzen dugunez eta zaleen bultzadarekin, lortuko dugula uste dut. Partida erritmo handikoa izatea lortzen badugu eta baloia azkar mugitzeko gai bagara, arazoak sortuko dizkiegu. Badakigu beraiei non egin mina, baina hori bihar arte ez dugu azalduko —barre egin du—.
Nolako Real Union espero duzu bihar?
Igual zait, nik nire taldea ehuneko ehunean ikusi nahiko nuke eta, hori horrela bada, ziur naiz garaipena etxean geldituko dela. Lehen itzulian hobeak izan ginen eta horregatik irabazi genuen. Momentu honetan taldeak konfiantza handia du, Galen irabazi genuenean baino handiagoa, eta irabaztera aterako gara, astero bezala. Ea hondarribitarrak animatzen diren etortzera, eta denen artean errezago lortzen dugun garaipena.