Iosu Arruabarrena: Euskal gazteria aurrera!
Gazte mugimenduak eta beretik eratorritako antolakunde ezberdineko kideek sorreratik bertatik jasan dugu errepresioa; etsaiak beti izan gaitu jomugan. Baina pairatu ditugun eraso guztien gainetik, erori garen edo bota gaituzten bakoitzean berriz altxatzeko nahikoa adore eta indar erakutsi dugula harro esan dezakegu.
Oreretako gazteek ere gure azalean bizi izan ditugu errepresioaren ondorioak. 2008ko sarekada izan zen gure herriko gazteen aurka egin den azken razzia. Gehienek torturak sufritu genituen poliziaren esku egon ginen bost egunetan. Beste batzuek, inkomunikazioaren infernua saihesteko, ihes egitea lortu zuten eta bi hilabetez ezkutuan egon ziren, atxilotu zituzten arte. Kartzela ezagutu dugu gutako gehienok.
Ia bost urteren ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenaren sententzia jaso genuen orain aste batzuk. Ni absolbitu ninduten arren, nire lagun Aitor, Xabier, Arkaitz eta Maitaneri sei urte eta sei urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zieten. Azken hiru hauek ezkutatzea erabaki zuten sententziaren berri izan bezain laster, beraien hitzetan, epaia salatu eta jardun politikoarekin jarraitzeko.
Bi aste igaro dira Donostian egin genuen manifestazioan agertu zirenetik, hilabete gordeta egon ondoren. Saiatu naizen arren, ezinezkoa zait orduan sentitu nituen emozioak azaltzea eta betirako gordeta geldituko zaizkit momentuko besarkadak eta muxuak. Baita atxilotzen zituztenean, ukabila altxa eta bota zituzten oihuak ere.
Erabaki gogorra bezain ausarta hartu zuten gazte hauek. Beraien militantziarekin koherenteak izan nahian, ezkutatuz errealitate gordina azaleratu zuten; Euskal Herrian, militantzia politikoak kartzela zigorra dakar kasu askotan, oraindik ere. Terroristak garela diote, baina guk eta euskal jendartearen gehiengoak badaki gazte konprometituak izateagatik zigortzen gaituztela.
Nire lagunena, baina, ez da kasu isolatua. Segi gazte erakundea terrorista izendatu zutenetik ehunka gara egoera hauek bizi behar izan ditugunak. Urrutira joan gabe, datozen egunetan espetxeratuak izateko agindua jaso dute Aitorrek eta Ekaitzek.
Eraso hauek behin betiko gelditzea lortuko duen herri harresia eraikitzen jarraitu behar dugu. Ahalik eta jende gehien biltzea lortzeko giltza berriak beharko ditugu, ate berriak ireki ahal izateko eta kartzelakoak behin betiko ixteko.
Gaur estreinatzen dudan txoko honetatik, animo beroenak eta besarkada sentituena helarazi nahi dizuet zuei: Xabier, Aitor, Arkaitz, Maitane, Ekaitz, eta kriminalizazio basatia jasaten ari zareten guztiei. Eutsi goiari eta biba zuek!