Hautetsi guztiek sistema berriaren alde egin zuten
Mugi garraio txartel bakarraren eta tarifen bateratzearen alde egin zuen Udalbatzak asteazkenean. Aho batez onartu zuten hautetsiek erreforma, eta horrekin batera, zerbitzu ezberdinen arteko aldaketak eta deskontuak ere. Irunbus zerbitzuaz gain, Errenteria-Orereta, Donostia eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumeneko autobusak barne hartuko ditu txartelak; baita Euskotreneko zerbitzua ere.
Horiek horrela, Bilduren udal taldeak bere aldetik aste honetan jakinarazi zuen alde bozkatuko zuela. «Irun irla bat da» hasi zen Oinatz Mitxelena abertzaleen bozermailea, «garraioan, ekonomian, langabezian, euskaran… Sistema berria Gipuzkoara hurbiltzeko modu bat izango da, baita Gipuzkoa Irunera hurbiltzeko ere».
Juana de Bengoechea PPren udal taldeko zinegotziak desadostasunak agertu zituen horrekin, baina edozein modutan sistema «ona eta komenigarria» dela iritzi zion. Hala ere, defizitaren garapena kontrolatzeko jarraipen bat egin beharko dela nabarmendu zuen.
Xabier Iridoy EAJren udal taldeko bozeramaileak ere aldeko jarrera argi utzi zuen. Hala ere, sistema berriarekin «kolektiboren bat kaltetua suertatuko balitz, hitzarmenaren 12. puntua baliatzea» proposatu zuen. Hitzarmenean aldaketaren bat galdegiteko aukera ematen du puntu horrek.
Cristina Laborda Mugikortasun zinegotziak bere aldetik 2007. urtean hasitako prozesuari «azken puntua» jartzeko modua izango dela aipatu zuen. «Eragin positiboa izango du hitzarmenak Irungo hiri barneko garraioan, zein Gipuzkoakoan».
Tarifa eta deskontu berriak
- Txartel arrunta: 1,30 euro
Mugi txartelarekin
- Lehen tartea (1-20 bidaia): %45eko deskontua. Bidaia bakoitzak 0,72 zentimoko kostua izango du.
- Bigarren tartea (20-50 bidaia): %56 deskontua. Bidaia bakoitzak 0,57 zentimoko kostua izango du.
- Hirugarren tartea (51 edo gehiago): %90eko deskontua. Bidaia bakoitzak 0,13 zentimoko kostua izango du.
- Gauekoa: 1,50 euro
- Aldaketa intramodala (autobusetik autobusera): Debalde
- Aldaketa intermodala (autobusetik Euskotrenera eta alderantziz): %25eko deskontua.
Hobariak ere aurreikusi dituzte, erosteko ahalmenaren eta errentaren arabera ezberdinak izango dira deskontuak.
- Zaharrak, elbarriak, adimen urrikoak eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak: %50eko deskontua.
- Gazteak: %12ko deskontua.