Biharko manifestaziorako dei bateratua egin dute alderdi abertzaleek
Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasunak elkarrekin salatu dute Baionako suprefetak Seaskaren aurka hartutako erabakia. Bihar arratsaldeko bostetan Seaskak Hendaiako tren geltokian antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu dute alderdi abertzaleek. Suprefetaren erabakia euskarazko murgiltze ereduaren aurkako eraso zuzena dela erran dute.
Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak ere erasotzat jo dute suprefetaren erabakia, eta manifestaldira deitu dute. “Euskararen alde urratsak, txikiak izanik ere, egiten ari diren garai hauetan, gibelamendu ñimiñorik ere ez dugu onartuko”, adierazi dute.