Ander Lizarralde: Maskarak
Hitz egin nezake edozertaz. Lehendabizitik, pentsatu nuen, azkeneko korrupzio kasuei buruz idaztea, edo urtarrileko manifestazioaz, edo etxe kaleratzeei buruz edo… edo, edo, eta beti edo. Egia esan, bada inguruan nahiko aukera, kanpokoari buruz hitz egiteko, baina noiz ez dago aukerarik kanpokoari buruz hitz egiteko?
Nire hurbilekoek badakite, larunbat honetan, beste hiru lagunekin, Ez gara Palestinaz ari izeneko emanaldi bat aurkezten dugula (hau, kontestualizatzeko esan dut soilik, ez pentsa propaganda egiteko zenik, kar kar… ahaztu gabe, gonbidatuta zaudete). Izenburu hori jarri genion, ez genuelako nahi, bertsolariok, hain ohikoa dugun bezala, kanpoko gaiez hitz egitea, orojakilearen moduan, kanpoko gaiak kirkildu eta gureak zakuan utzi oso-osorik. Aukeratu genezakeen kanpoko gaien bat jorratzea, jendea txunditzen saiatu, minutu bateko ego dosiagatik hilabeteetako lana hipotekatu. Baina, gutaz hitz egin nahi genuen, gure barruko emozioez, gure beldurrez, gure haurtzaroez, gure Egoez… Azken batean, biluztu.
Ni, gaur, hau kontatzera natorkizue. Emanaldia dela eta, beldurrean sarturik nabil erabat, ondo aterako den, burua txuri geldituko zaidan, gai izango ote naizen nik nahi bezala interpretatzeko esan nahi dudana… Baina hori guztia, azken aste honetan deskubritu dut. Orain arte, nire beldur hau ez ikusten saiatu naiz eta gainera mozorrotzen. Emanaldi-kideekin, uneoro sartzen nintzen errabian zerbait berria egiteko proposatzen zigutenean, amorruan sartzen nintzen, ez dakit nolako hausnarketa eta arrazoiketatan eroriz nire emozio hori arrazoitzeko. Ohartu nintzen momentuan, nire errabi horren atzean, mozorroturik, aldaketarako eta kontrola galtzearen nire beldurra baino ez zegoela, gauzak erraz irten dira.
Ez dut gizarteaz hitz egingo, hura aldatzen baino nire burua aldatzen saiatzen naiz egun. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dut beldurrari jartzen dizkiodan nire mozorroak identifikatzen saiatzea. Horien guztien atzean dagoena norbera delako.