Asteartean, eguerdiko 13:30ak aldera, AP-8ko Oiartzungo gasolindegian Ertzaintzak bi gidariri (Frantziako matrikula zuten autoek) paperak eskatu zizkien. Herrizaingo Sailaren arabera, gidarietako batek bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua zuen, Alemaniako Coblenzako epaitegiak martxan jarritakoa. Alemanian kartzela zigorra ezarrita du, banku batean armekin lapurtzen saiatzeagatik. Iturri berak jakinarazi duenez, atxilotua izan aurretik, indarrez erantzun zuen gizonak, eta hainbat ertzain kolpatu zituen.
Beste gidaria ere atxilotu zuten, dokumentuak faltsutzea leporatuta (ertzainei ustez Alemaniakoa zen gidabaimen faltsua erakutsi zien) eta trafikoaren segurtasunaren kontrako delituagatik.
Ondoren, autoak miatu zituen Ertzaintza, txakurrekin. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, autoetan hainbat gidabaimen atzeman zituzten agenteek, Alemaniako nortasun agiri faltsuak, frekuentzia inhibitzaileak, dokumentuak faltsutzeko materiala, geolokalizazioa saihesteko manipulatutako sakelakoak, 35.000 eurotik gora dirutan, irratikomunikazio sistemak, arma zuriak, material informatikoa eta hainbat dokumentu. Ertzaintza horiek guztiak ikertzen ari da.
Epailearen aurretik pasatu dira biak, eta lehenengo atxilotua Alemaniara estraditatuko dute.
-
-