Aitziber Lekuona: Extra! Extra!
Azken boladan telebistako berriei gero eta kasu gutxiago egiten diedala ohartu naiz. Albistegia bazkaltzen ari garela ikusteko ohitura txarra dugu etxean, eta bada denbora dezente lehenengo platerari krisiaren ozpin puntu bat eta bigarrenari ustelkeriaren zapore mikatza hartzen diedala. Egunero gai berdinari bueltaka. Ez nator ni esatera garrantzitsua ez denik, konturatzen naiz familia eta pertsona asko izugarri sufritzen ari dela gertaera honen harira. Ni ere zuzen-zuzenean saltsan sartuta nago —langabezian esan nahi dut, ez ustelkerian— . Iruditzen zait, baina, berriek jendea nahasi baino ez dutela egiten: langabeziaren azken datuak probintzia, erkidego zein estatuan; ustelkeria kasu berri eta nardagarriak. Aldiz, lan mundua berpizteko alternatibez eta gure aurpegira barre eginez aberastu diren politikarien zigorrez hitz erdirik ere ez. Panorama ikusita, aukeran nahiago berriei kasu handiegirik ez egin, eta ozpintasun puntu egokia duen entsaladaz disfrutatu.
Euskaldunok izugarri maite dugun gai bat eguraldia da. Edo bestela, bizilagunekin igogailuan izandako elkarrizketak sakonagoak izateko indartu dute atal hau albistegietan. Egun, gauza gara ‘eguraldi kaxkarra egiten du’ esaldi tipikoarekin hasi, eta olatuen tamainaz, fohen efektuaz, Getxon eguna argitzeak utzi duen irudiaz… hitzaldi bat emateko. Zorionekoak 10. solairutik gora bizi direnak, gainontzekoei urri geratzen baitzaigu botoia sakatu eta atea ireki bitarteko tartea.
Sentsazio hau areagotu egin zait aurreko asteetan izan dugun eguraldi kaskarraren harira. Titularretan elurra, izotza, kazkabarra, ibaien ur maila… berriemaile bat probintzia bakoitzean zuzenean momentuko egoeraren berri emateko, eta beste korrespontsal pare bat mendiren batean igota elur geruzaren lodieraz informatzeko. Badirudi Euskal Herrira negua iritsi eta mundua bukatu egiten zaigula. Literalki esaten dut hau, ze lehenengo euri jasak hastearekin batera Lurra zenbat kontinentez osatua dagoen ere ahaztu egiten baitzaigu. Eta titularren ostean, noski, eguraldia.
Hain egiten zait luzea atal hau, hasi orduko deskonektatu egiten dudala, instintiboki, konturatu gabe. Eta gero hor ibiltzen naiz, aterkia hartu behar dudan ala ez jakin gabe, blai-blai sarri. Baina bitxikeria honetaz ez nintzen ohartu kate frantses batean la météo ikusi nuen arte. Harritu eta perplejo geratu nintzen, jo ta poto: Frantzia osoan hurrengo hiru egunetan zein eguraldi egingo zuen aurreikusi zuten bi minutuan!
Ez dut uste gu desinformatuak izateko konplot bat diseinatu dutenik ETBen, esango nuke krisiaren ondorioa dela hau ere, eta merkeagoa dela Gorbeiako gurutzean berriemaile bat izatea, Afrikan gertatzen ari diren azken gatazken inguruko irudiak lortzea baino.
Informazio freskoa aurkitzeko helburuarekin Le Monde egunkariari eman diot begirada bat eta gure titularrak bete beharko lituzkeen berri pozgarri batekin egin dut topo. Antza, Marsellan hiesaren aurkako txerto bat aurkitu dute. Momentuz animaliekin egin dituzte saiakerak eta emaitza positiboa izan da. Hurrengo pausoa gizakiengan eragin berdina duen egiaztatzea da. Esperimentu hau aurrera eramateko 48 pertsona seropositibo aurkeztu dira boluntario. Urte bateko epean hiru alditan jarriko diete txertoa, dosi egokiena zein den jakiteko helburuarekin. Erwann Loret doktoreak adierazi duenez, hiesaren aurka borrokatzen duen molekula honek TAT proteinari (sistema immunitarioari kutsatutako zelulak garbitzen uzten ez diona) erasotzen dio zuenean. Egia da ez dela antzeko berriren bat argitaratzen den lehenengo aldia, baina pauso garrantzitsu bat izan daiteke urtero milaka pertsona kutsatzen dituen gaixotasunaren aurka.
Agian, eguraldiaren tarteari minutu pare bat kendu eta horrelako berriak sartuko balituzte ohartuko ginateke zer garrantzi duen, krisi garaia izanda ere, ikerketan inbertitzeak.