Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, 56.000 erabiltzaile izan zituen Xorrola herri barruko autobus zerbitzuak 2012an. Udalak datuak oso positiboki baloratu ditu, “zerbitzua herritarren artean egonkortuta dagoen seinale baita”, adierazi du Oihan Tello zinegotziak. Hilero 4.500 eta 5.400 erabiltzaile artean izan zituen Xorrolak iaz. Datu esanguratsua da abuztukoa ere: xanistebanetan 1.139 erabiltzaile izan zituen.
Tello zinegotzia, Xorrolan
Lurraldebus txartela egiteko kanpaina
Dagoeneko Xorrolaren erabiltzaileen gehiengoak Lurraldebus txartel bakarra erabiltzen badu ere, oraindik asko dira Lurraldebusik ez dutenak. Udalaren aurtengo erronka txartel bakarraren erabilera gehitzea izango da. Horregatik, Udalak kanpaina hasiko du Aste Santuaren ondoren oraindik txartela ez duten erabiltzaileen artean.
Lurraldebus egiteko kanpainan txartela tramitatzeko erraztasunak eskainiko ditu udalak: “Xorrolan bertan eskaera orriak banatuko dira, udaletxean bilduko dira eskaerak eta ondoren, udalak tramitatzera eramango ditu”.