Toki Alai ikastetxearen eraikin berria
Toki Alai ikastetxearen zentro berrira bisita egin dute gaur Jose Antonio Santano Irungo alkateak, Fernando San Martin Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, eta Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Hezkuntza ordezkari Julen Bengoetxeak. Ikastetxea eraikitze prozesuan segitzen duen arren, obren nondik norakoak ikuskatu ahal izan dituzte hiru ordezkariek. Eskola berria 2013-2014 ikasturterako prest egongo dela adierazi dute arduradunek.
Bi urteko haurrak hartuko ditu Toki Alai ikastetxearen zentro berriak. Loidi Bizkarrondo kalearen 25. zenbakian kokatuta dago eraikin berria, Alzukaitz kalearen bukaeran. Era horretan, txikienei zuzendutako ikastetxe berria eraikitzeaz gain, Palmera-Montero eremuko hirigintza prozesuari bukaera ere emango dio udalak.
Denera, lau geletan banatutako 69 ikasle hartu ahal izango ditu ikastetxeak. Horrez gain, jangela, irakasle gela, psikomotrizitate gela eta patioa ere izango ditu eraikinak.
Eskaria asetuz
Eguzkitza ikastetxeak bi urteko zentroa inauguratu zuen 2012. urtean. Aurten, Toki Alairen txanda izango da, eta alkateak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak lursail bat eman dio Txingudi Ikastolari Piuana inguruan. Helburua azken kasu horretan ere, bi urteko umeentzako ikastetxea egokitzea izango litzake.
Horiek horrela, Txingudiko eraikin berriarekin Irungo ikastetxe guztiek bi urteko umeentzako zentroak eskainiko dituztela nabarmendu dute tokiko gobernutik.