Esku pilota eta zesta punta partidak izango dira Jostaldin, ostiralean
Hondarribiko Pilota Eskolako zesta puntako nagusien bigarren taldeak eta eskuz binakako gazteen bikoteak Jostaldi pilotalekuan jokatuko dute asteburu honetako partidak. Ostiralean izango da, 19:15etik hasita. Lehen partida esku pilotakoa izango da; Lurraldeko 2. Mailan jokatzen duen Hondarribiko bikoteak Gazteleku 2 izango du aurkari. Bigarren partida helduen zesta punta txapelketakoa izango da. Bertan, Hondarribia taldeko eta Beotibarreko bigarren taldeak ariko dira lehian. Lehen partida, 19:15ean hasiko da eta sartzea libre da.
Zesta puntako lehen taldeak, berriz, Getariako Sahatsagan jokatuko du Zumaiako lehen taldearekin, ostiralean ere, 18:30etik aurrera.
Eta bukatzeko, igandean, Elgoibarko ikastolako frontoian izango diren partiden artean, Lurraldeko 2. Mailan jokatzen duen eskuz binakako Hondarribiko bikoteak Lagunak klubeko bikoa izango du aurrez-aurre. 11:30ean hasiko da jaialdia Elgoibarren.