Martutenera martxa egingo dute gazteei elkartasuna adierazteko
Oarsoaldeko gazte mugimenduak Martutenera martxa antolatu du larunbaterako han atxilotuta dauden Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio eta Arkaitz Anzari elkartasuna adierazteko. 10:30ean Errenteria-Oreretako Renfeko geltokian geratu dira, eta asmoa daukate 12:00etan Martuteneko espetxean egoteko. Hiru gazteei elkartasuna adierazteaz gain, Aitor Franco, Jon Aitor Alberdi eta gainontzeko gazte guztien egoera ere salatzea dute helburu.
Gazte mugimenduak gogorarazi du Oarsoaldeko gazteen egoera ez dela kasu isolatu bat, eta hamarnaka gazte direla Euskal Herrian “epaiketa, sententzia edota jazarpenari” aurre egin behar diotenak. Ekaitz Ibero donostiarraren egoera aipatu du, espetxeratzeko zain baitago, era berean, Burlatako gazteek otsailean dutela epaiketa jakinarazi du, Donostiakoek sententzia hilabete berean, eta Bilboko EHUko hamahiru ikaslek, berriz, aste honetan dutela epaiketa.