Irungo Bildu udal taldearen agerraldia
Garraio publikoaren inguruan txartel bakarraren eta tarifa integrazioaren “onurak” nabarmendu ditu Irungo Bilduren udal taldeak, gaur goizean egindako agerraldian. Oinatz Mitxelena bozeramailearen aburuz, onura “politikoak” eta “herritarrei” begirakoak ekarriko ditu garraio sistema berriak.
Onura politikoei dagokienez, “garraio publikoa berreskuratzeko pauso garrantzitsua dela” iritzi dio Mitxelenak. Gainera, sistema berriari esker, trenen eta autobusen arteko aldaketak ahalbidetuko direla baieztatu du.
Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako “bultzada” nabarmendu du bozeramaileak eta “Bilduren lorpen bezala” aurreikusi du sistema berria. “Kudeaketan eraginkorrak izan gara, eta ingurumenaren eta herritarren alde egin dugu”, gaineratu du.
Herritarrentzako onurak
Erabilitzaileei begira ere onurak badirela adierazi du Bilduren udal taldeak. Horien artean, “lehena, geroz eta gehiago erabiltzeagatik merkeagoa” dela aipatu du Mitxelenak. Gainera, Ekialdebusen, Euskotrenen… “politika bera” aplikatuko dela ziurtatu du bozeramaileak.