Patrick Dallennes Baionako suprefetak Gure Ikastola
ezin duela lagundu jakinarazi zion Hendaiako auzapezari gutun baten bidez eta horri erantzuna emateko agerraldia egingo du Seaskak Hendaiako ikastolan, 17:30ean.
Baionako suprefetak Falloux legea erabili du debekua arrazoitzeko. Lege hori 1850ekoa da eta horren arabera ezin da diru publikorik eman ikastetxe pribatuei. Are gehiago, lurrik edo eraikin publikorik ere ezin da utzi ikastetxe pribatuen eskuetan.
Suprefetaren gutunak Gure Ikastolari erreferentzia egin badio ere, Hur Gorostiaga Iparraldeko Ikastolen Federazioaren zuzendariak ohartarazi duenez, legea zorrotz aplikatzen badute, ikastolen %90 “kolokan” egongo dira.
Eraikinaren beharra
Hendaiako Gure Ikastolak 40 urte bete zituen 2011n eta Peio Urriza Gure Ikastolako zuzendariak eraikin baten beharra zutela nabarmendu zuen BOGAri (
ikus erreportajea). 200 ikasle baino gehiago zituzten orduan eta gehituz joan da ordutik ikasle kopurua. Gerora, Gure Ikastolaren urteurrenaren haritik, Hendaiako auzapez Battitte Salaberrik eraikin berria egiteko lurra izango zutela hitz eman zien.