Murrizketarik gabeko aurrekontua izango du Hondarribiko Euskara departamentuak
661.585 euro, hori da Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuak 2013an gastatzeko izango duena. “Jaitsierarik ez dugu esan”, azaldu du gaur goizean Txomin Sagarzazu zinegotziak, urteko Euskara arloko eta Euskaltegiko planen berri emateko komunikabideekin izan duen agerraldian: “Beste sail batzuetan jaitsierak ezarri behar izan ditugu, baina Euskara arloan ez, eta horrela, Biziberritze Planaren eta gure Plan Estrategikoaren helburuak betetzeko aukera izango dugu”.
Aurrekontuaren zatirik handiena Euskaltegiari dagokio, 395.000 euro, batez ere irakasleen soldatengatik —ia 349.000—. Euskaltegiaren aurrekontua %2,41 hazi da aurten. Sagarzazuk nabarmendu du udalak apustua duela euskararen normalizazioarekin: “Apustua ez da bakarrik HABEren irizpideen lanketarako, irizpide horiek jarraitzen ez dutenentzat ere”.
Beste herrietan euskaltegien egonkortasuna zalantzan jartzen ari bada, Hondarribian hori ez dela gertatuko uste du zinegotziak. Batetik, iaz HABEk diru-laguntza handitu zuelako eta, bestetik, herrian den beka-sistemarekin “egin daitekeela frogatu delako”. Hondarribiko udal euskaltegiak zehaztutakoaren arabera, ikasle guztiek dute beka jasotzeko aukera; beka hori %35ekoa izan daiteke, edo %75ekoa langabeetzat edo familia ugariko txartela dutenentzat.