Aginagalde 2010eko Eurokopan Hungriaren aurkako partidan. Egilea: Steindy
Julen Aginagalde irundarrak urrezko domina jaso zuen atzo, Espainiako selekzioarekin batera eskubaloiko Munduko Txapelketa irabazi ondoren. Danimarkaren aurka aritu zen Espainia, eta bost gol lortu zituen Aginagaldek lehian. Partida bukatzerakoan, Irungo ikurriña eskuartean zuela ospatu zuen jokalariak garaipena. Horrez gain, zazpiko perfektuaren parte gisa izendatu zuten Aginagalde, pibot posizioko jokalari onena bezala.
Irungo Udaleko Jose Antonio Santano alkateak Aginagalde zoriondu nahi izan du, eta tarte bat duenean Irungo udaletxeraino hurbiltzeko eskatu dio, “merezitako errekonozimendu publikoa” jaso dezan.
Aginagalde Bidasoa-Irun eskubaloi taldean hasi zen 1999. urtean. 2006an, Ademar Leon taldera joan eta hiru urtez aritu zen irundarra Gaztelan (Espainia). Horren ondotik, Ciudad Real taldearekin batera lehiatzen hasi zen eta 2011tik gaur egunera arte Atletico de Madrid taldean dabil.
Hainbat sari eskuratu ditu Aginagaldek bere ibilbidean zehar. Hala, 2013ko Munduko Txapelketako urrezko dominaz gain, brontzezkoa eskuratu zuen 2011; Asobal ligako pibot eta jokalari onenaren sariak eskuratu zituen 2009-2010 eta 2010-2011 denboraldietan; gol gehien sartu zituen jokalari gisa izendatu zuten 2011ko Espainiako Superkopan, eta 2012an munduko hirugarren jokalari onena bezala izendatu zuten Aginagalde beste hainbat merituren artean.