Ikastolaren aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean Hendaian
Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak manifestazioa egingo du heldu den larunbatean Hendaian, Baionako suprefetak Herriko Etxeari ikastola diruz ez laguntzeko galdegin eta gero. Joan den astean bidalitako ohar batean, suprefetak gogorarazten zion Hendaiako auzapezari 1850. urtean idatzitako eta egun indarrean den Falloux Legearen arabera, erakunde publikoek ezin dituztela eskola pribatuak diruz lagundu, ezta udal egoitzarik utzi ere. Suprefetari erantzuteko, manifestazioa egingo dute otsailaren 2an, 17:00etan tren geltoki ingurutik abiatuta.
Gaur arratsaldean komunikabideen aurrean agerraldia egin dute Seaskako ordezkariek eta suprefetaren erabakiak hizkuntz politika hankaz gora jar dezakeela nabarmendu dute, Seaskako ikasleen %90 eta egoitzen %80a arriskuan jarriz. Hendaiako auzapez Jean Baptiste Salaberrik arazo handi bat sortu dela onartu du, baina “ahalik eta arinen” konpontzea espero duela gehitu. Seaskako kideekin batera agertu da Salaberri komunikabideen aurrean.
Bai Seaskak, baita Herriko Etxeak ere, biltzeko eskatu diote suprefetari. Hala, otsailaren 5erako hitzordua lortu du Seaskak, eta egun bat geroago Herriko Etxeko ordezkariak azalduko dira Baionan.
Legea kentzeko eskatuko dute
Hendaiako ikastolarekin gertatu den afera 1850. urtean onartutako Falloux Legearen ondorioa da. Horregatik, larunbaterako Hendaian deitu duten manifestazioa “lege zaharkitu” horren aurka izango da. Seaskakoek ez dute nahi Falloux Legearen eraginez “beti beldurrez” ibili eta hexagonoko beste nazioetako ordezkariekin harremanetan jarri dira, hala nola, Katalunia, Okzitania, Alsazia edota Bretainiakoak.
Azken helburua Falloux Legea kentzea dela esan dute, eta hori bultzatzeko zenbait parlaentarirekin elkartuko direla iragarri dute. Larunbatekoa lehen mobilizazioa izango da, baina Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko arduradunek ez dute baztertu aurrerago protesta ekintza gehiago deitzea.