
Irungo Udaleko ordezkariak Aduana zaharrean
Bidasoa Ibaiaren Interpretazio Zentroa ia bukatuta dagoela jakinarazi du Irungo Udalak. Aduana zaharra ari dira moldatzen azpiegitura hori jasotzeko: zonaldearen biodibertsitatearen berri emateaz gain, Eurovelo sareko lehen zatiaren gune izango da, eta Done Jakue bidearen mugarrietako bat izango da ere. Alkateak esan du “Irunen Bidasoa ibaiak uzten duen ondare aberatsa” berreskuratzeko eta ezagutarazteko eremua izango dela Aduana zena, “gure hiriaren nortasunean eragiteko”.
Azpiegiturak erakusketarako aretoa du, eta harrerarako gunea. Hala, eraikinaren egitura mantendu dutela esan du udalak, eta atarian beste areto bat egin dutela, harrera gunea egiteko. Udalak aldi berean esan du eraikina funtzionamenduan izateko kostuei nola aurre egin aztertzen ari dela. Gaur bisitatu dute udaleko ordezkariek azpiegitura (irudian).
Eraikinaren azalera 177,7 metro koadrokoa da, eta berritzeko lanek 242.026 euroko kostua izan dute; horren %65 Europako Batasuneko laguntzei esker egin da.