Argi Perurenaren baldintzapeko askatasunaren erabakia martxora arte luzatu dute
Argi Perurena Hendaiako euskal preso politikoak espetxean jarraituko beharko du, bere askatasunaren inguruko erabakia martxora arte atzeratu baitute Etxeratek jakinarazi duenez. Urtarrilaren 23an, Kondenaren Aplikaziorako Epaitegiak Perurenaren baldintzapeko askatasunaren eskaera onartu zuen, baina fiskaltzak, epaitegiaren erabakiaren aurkako helegitea jarri eta ondorioz Hendaiako presoaren askatasunaren inguruko erabakia martxora arte atzeratu dute.
Etxeratek egoera hori salatu du: “Frantziako Estatuan gure senide eta lagunei sistematikoki aplikatzen zaien neurri hau salatu nahi dugu; hau da, baldintzapeko askatasuna emateko irizpide guztiak bete arren, euren kasuan ez aplikatzea. Horregatik, beste behin, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten gure senide eta lagun diren euskal preso politikoen askatasuna galdegiten dugu”.
Argi Perurena Rennesko (Bretainia) espetxean dago, 13 urte daramatza preso.