Familia baratzeak egingo dituzte Hendaian
Hendaiako Herriko Etxeak jakinarazi du familia baratzeak jarriko dituela herritarren eskura. Horretarako 4.100 metro koadroko lur eremua antolatzen ari da, horietan 70 eta 100 metro koadro arteko 38 bat baratze jartzeko. Herritarrek eremu bat eskatzeko aukera dute, eta aukeratuak zeintzuk izango diren batzorde berezi batek erabakiko du, “irizpide sozialen arabera”, Herriko Etxetik esan dutenez. Baratze horien gaineko araudia laster jakinaraziko dutela esan dute.
Izena emateko aukera martxoaren 13ra arte dago, eta baratzeak nori eman apirilean erabakiko du batzorde horrek. Informazio gehiago Laguntza Sozialerako Herriko Zentroan lor dezakete interesdunek (Lorategietako karrikan dago); bertako telefono zenbakia honakoa da: 05 59 48 23 10.