Zaisa 3n izandako luizia
Zaisa 3 industriaguneko Antxo Txipi kaleko lur jauziaren ondorioz sortutako arazoak konpontzen ari direla jakitera eman du Irungo Udalak. Hilaren 16an gertatu zen luiziak errepidea eta goialdean kokatutako bi etxebizitzak kaltetu zituen. Orain, ondorioak arindu nahiean dabil tokiko gobernua.
“Kaltetuekin harremanetan gaude, Zaisako goialdeko etxebizitzetako jabeekin eta bertako enpresetako kudeatzaileekin ere” azaldu du Jose Antonio Santano Irungo alkateak. “Bestalde, zundaketa eta azterketa geoteknikoak garatzen ari gara, luizia eragin zuten arrazoiak ezagutzeko eta horren aurrean neurri egokiak hartu ahal izateko”.
Ingurua egokitu bitartean, Udaltzaingoak trafikoa bideratu beharko duela ziurtatu dute tokiko gobernutik. Hala, kamioiak Antxo Txipitik sartu eta Eranuteneatik ateratzen dira. Azken horren baldintzak egokienak ez direnez, gaurko 22:00etatik biharko 14:00ak arte itxita egongo da Ernauteneako bidea eta era horretan, errepidea behar bezala egokituko dute.